Iazko Orioko Mendi Lasterketan korrikalariak mendian barrena. (Aiora Larrañaga)
Igande goizean mendi lasterketa jokatu da 09:30etik aurrera Orion, eta berrikuntzak izango ditu aurtengo edizioak. Izan ere, Orioko Herri Ikastolako kideek zehaztu dute, aurreko urteetan hasierako zatian ilara handiak sortzen zirela San Martingo aldapan, eta horrek parte-hartzaileen martxa oztopatzen zuela. Horregatik, lasterketaren hasierako ibilbidea aldatu dute. «Aurten Ikastolatik hondartzara joango dira parte-hartzaileak, eta bertatik Itxaspeko bidetik gora igoko dira. Gainontzean ez da aldaketarik izango ibilbidean» azaldu du Iñaki Beraza probaren antolatzaileak. Horrek ibilbidea zertxobait luzatuko du, ondorioz aurten 22 kilometro izango ditu probak.
Hiru hilabete prestatzen
Abendutik ari da Orioko Herri Ikastolako taldetxo bat iganderako dena prest egon dadin ibilbidea egokitzen. «Lan handia eskatzen du ibilbideak, abenduan hasi ginen berriz ere bidea egokitzen». Izan ere, Oriotik Donostiara dihoan GR bide zaharretik pasatzen da Orioko Mendi Lasterketa. «Orain GR bidea Donejakue bidera pasatu dute, eta betiko bidea galtzen ari da, ez delako erabiltzen. Urte batetik bestera asko zikintzen da, sasia asko hazten baita»; mendi lasterketarako garbitu egin behar izaten dute. Berazaren esanetan, «lan neketsua izaten da, lanetik ateratakoan igotzen gara mendira, eta neguan oso goiz iluntzen duenez, askotan ilunpetan ibili behar izaten dugu. Egia esan, lan amaigabea da, beti baitago zer hobetu, aurten ere beste hilabete bat ondo etorriko litzaiguke, baina ezin da denera iritsi».
Gainera, askotan ustekabeak ere izaten dituzte. Asteburuan esaterako, eguraldi txarraren ondorioz, Done Jakue bidean Andu baserria baino lehenago zuhaitz handi bat erori zen, eta lasterketako bidea oztopatu zuen. «Igandean bertan larrialdi kabinetea bildu ginen, eta lagun bat motozerra hartuta igo zen inguru horretara, zuhaitza moztu eta bidea irekitzera». Azkenean ez zen larria izan, baina lasterketa aurreko gauean gertatu izan balitz, irtenbidea zailagoa izango litzatekeela badakite antolatzaileek.