Arraun egutegia dela-eta aurten ez da Oriaren XXII. Jaitsiera jokatuko

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko martxoaren 2a

2013ko Oriaren Traineru Jaitsiera. (Joxemari Olasagasti)   Arraun taldeen egutegi gora-beherak direla-eta aurten ez da Oriaren XXII. Jaitsiera jokatuko Orion. Hasiera batean, pasa den larunbatean jokatzekoa zen arruan hitzordua, baina eguraldi txarra zela-eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren gomendioz Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendaritzak uretako kirol jarduerak bertan behera uzteko agindu zuen segurtasun arrazoiengatik; ondorioz, Orioko proba ere bertan behera geratu zen. Orio Arraunketa Elkarteko presidente Ibon Huegunen iritziz, «pena» izan da, «azken urtetan Kantauri Itsasoko traineruez gain, Mediterraneoko arraun taldeak ere etortzen dira Oriora Oriaren Jaitsiera jokatzera, aurten esaterako 75 ontzi etortzekoak ziren. Jaitsiera pixkanaka indarra hartzen ari da, eta atsekabea eman digu, bertan behera utzi beharrak». Gainera, elkarteko presidenteak nabarmendu du mota horretako proba antolatzeko aldez aurretik «lan handia» egin behar izan dutela elkarteko kideek eta boluntarioek. «Eskerrak eman behar dizkiegu, antolaketa lanetan buru-belarri lanean aritu diren guztiei». Aurten ezin jokatu Elkartetik jakinarazi dute, behin jaitsiera bertan behera geratuta, egutegia dela-eta ez dagoela proba aurten jokatzeko tarterik. «Alde batetik, mareak guztiz baldintzatzen gaitu proba antolatzerakoan, marea baldintza egokietan izatea ez baita erraza izaten». Bestetik, nabarmendu dute denboraldi hasieratik arraun egutegia zehaztuta dagoela, «aurrerantzean batel liga eta beste hainbat estropada izango dituzte traineruek, eta ez dago gure jaitsiera jokatzeko egun egokirik». Gainera, larunbateko jaitsieran Herrialde Katalanetako, Andaluziako eta Galiziako arraun taldeak parte hartzekoak ziren, eta oso zaila da aurten horiek denak berriz ere Orion elkartzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide