Itziar Urretabizkaia aktorea. (Maria Mamerta Agirre)
ITZIAR URRETABIZKAIA - Aktorea
Ostiral gauean
Datorren urtean hobeto antzezlana eskainiko dute Orioko Kultur Etxean. Tartean izango da Itziar Urretabizkaia (Orio, 1979) aktore oriotarra ere; oholtza gainean eskarmentu handia izan arren, jaioterrian helduei zuzendutako obra eskainiko duen lehen aldia izango du.
Ezagunez beteta izango da ostiralean Orioko Kultur Etxea. Zirrara berezia sentitzen al da herrian antzezlana aurkeztu baino lehen?
Egia esan behar badut, normalean baino urduriago nago herrian antzeztu behar dudalako. Lehenengo aldia da helduei zuzendutako antzerkia herrian aurkeztuko dudala. Orain dela urte asko, haurrentzat antzerki bat egin nuen, baina desberdina da, helduentzako antzerkiak beste errespetu bat ematen baitu. Urduri nago, baina aldi berean gustura. Gainera, Orion ez dira antzerki obra gehiegi eskaintzen, eta horrek herritarren artean ikusmina sortzen du, horregatik horietako baten parte izateak garrantzi handia du.
Datorren asteartean Emakumeen Nazioarteko Eguna izango da, eta Datorren urtean hobeto antzezlanak emakumeen egunerokoari keinu egiten dio.
Emakumeek emakumeentzat kontatutako istorioak biltzen ditu
Datorren urtean hobeto antzezlanak. Gidoia emakumeen artean idatzi zuten, emakume batek zuzentzen du antzezlana, eta emakumeok osatzen dugu taldea ere. Gainera, antzezlanean jorratzen diren gaiak ere emakumeek beren egunerokoan bizi dituztenak dira.
Umorerik ez da faltako, ezta?
Antzezlanak oso erritmo azkarra du, eta 30 urtetik gorako emakumeen gaiak jorratuko ditugu, denak umore ukituarekin kontatuta. Horrez gain, egungo gizarteko hainbat arazo ere lantzen ditu: hipotekaren gaia eta ekonomia aldetik herritarrek izaten dituzten zailtasunak besteak beste. Ondo pasatzeko obra bat da, baina ikusleek hausnartzea ere nahi dugu. Esketx desberdinez osatuta dago, eta egoera batetik bestera oso azkar igarotzen da istorioa. Pertsonaia batzuk errepikatu egiten dira, eta aktore bakoitzak pertsonaia bat baino gehiago antzezten dugu.
Antzezlana ikustera joaten diren emakumeak pertsonaiekin identifikatuta sentituko al dira?
Ziur nago hainbat egoera oso ezagunak egingo zaizkiela, eta zenbait pertsonaiekin identifikatuta ere sentituko dira gainera.
Antzerkian, telebistan eta zineman lan egin duzu azken urtetan. Datorren urtean hobeto antzezlanaz gain, beste proiekturik ba al duzu esku artean?
Aktorearen lan egoera oso ezegonkorra da. Gora behera handiak izaten dituen lanbidea. Batzuetan proiektu asko izaten dira esku artean, eta beste batzuetan, berriz, batere ez. Konplikatua da, horregatik B plan bat izan behar da beti. Ni esaterako antzerkia egiteaz gain, master bat ikasten ari naiz.
Dena dela, une honetan ezin nahiz kexatu. Antzezlan honetaz gain, udan Donostia 2016 egitasmoaren barruan
Sueños de una noche de verano obra antzeztuko da hilabete batez Kristina Eneako parkean, eta proiektu horretan parte hartuko dut. Horretz gain,
Irrien Lagunak egitasmoaren barruan muntaia berri bat prestatzen ari dira, eta hor ere izango naiz.
Beraz, batetik bestera ibili behar al duzue ateak jotzen?
Komeni da sektorean hemen zaudela eta libre zaudela gogoraraztea. Gainera, ni urte dezente Madrilen izan naiz ikasten, eta Euskal Herriko eszenan ez naiz aritu. Madrilen, berriz, hainbat proiektutan parte hartu dut, Teatro Realen antzeztu dut, baita Madrilgo zirkuitu alternatiboan ere. Madrilen areto txikietan formatu txikiko antzerki asko egiten da, eta herritarren artean harrera ona izaten du. Euskal Herrian, tamalez, orain arte antzoki ofizialetatik aparte ez da aukera gehiegirik egon, baina pixkanaka ari dira espazio berriak irekitzen hemen ere. Hori albiste ona da aktoreontzat, zirkuitu alternatiboak aktoreoi gure jardunean trebatzen jarraitzeko aukera ematen baitigu.
Herritarren babesa ere garrantzitsua al da?
Noski baietz, baina askotan herritarrek ez dute antzerkira joateko aukerarik izaten. Antzerki gutxi izaten diren herrietan herritarrak antzerkiaz gozatzeko irrikaz egoten dira. Duela hilabete batzuk Baztanen egin genuen antzezlana, inguru hartan ez dute antzerki lanak ikusteko aukera gehiegi edukitzen, eta ia bailara osoa joan zen saioa ikustera, oso pozgarria izan zen guretzat.