Orioko udaletxea. (Aiora Larrañaga)
Azken astetan Orioko udal taldeak 2016ko udal aurrekontua negoziatzen ari dira. Orioko PSE-EEtik ohar bidez jakinarazi dute, beren iritziz proiektua «hobetu» daitekeela, eta horregatik «herriaren eta herritarren beharrak asetzeko» hainbat proposamen egin ditu Ana Priede PSE-EEko zinegotziak.
Alde batetik, Antxiola kaleko oztopo arkitektonikoa kentzeko eskatu du, «eremu horretara iristeko oztopoak baitituzte herritarrek». Bestetik, Aritzaga kalean eta Herriko Plazan hiritartze lanak egitea beharrezkoa dela uste dute, estolderia, saneamendu-sarea eta espaloia egokituz.
Herriko erretiratuen ekimenetarako partida bi mila euro handitzea eskatu du. Baita, herriko eragileek antolatzen dituzten jai ekintzetarako partida handitzea ere (Olentzero eta Mari Domingiren etorrera, Orienteko Erregeen zamalkada besteak beste).
Gainera, dietak eta lokomozioa partida hiru mila eurotik 1.500 eurotara jaistea ere beharrezkoa iruditzen zaio Orioko PSE-EE taldeari, eta uste dute soberakina gizarte-ongizate partidari gehitu beharko litzaiokeela.
Horretaz gain, garrantzitsua iruditzen zaio herriko ikastetxeetan bide-heziketa saioak ematea, eta herrian bide segurtasunari dagokionean dauden puntu beltzak aztertu eta horiei irtenbidea ematea.