Oteizaren lana zehaztasunez azaldua

Urola Kostako Hitza 2016ko otsailaren 26a

  [caption id="attachment_288075" align="aligncenter" width="300"]Oteizaren 'Mi siesta' lana. (Xabi Aizpurua Ugarte) Oteizaren 'Mi siesta' lana. (Xabi Aizpurua Ugarte)[/caption] Oteiza. Eskultura Katalogo Arrazoitua lana argitaratu dute Altzuzako Jorge Oteiza Museoak eta Nerea Argitaletxeak. Bertan, Txomin Badiola Oteizaren obra artistikoan adituak artista oriotarraren eskultura-produkzioari buruzko informazio zehatza jaso du. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez argitaratu dute obra, lana ahal den gehiena zabaltzeko asmoz. Bi liburutan banatuta dago lana, 952 orrikoa bakoitza, eta denera Oteizaren eskulturari lotutako 2.575 irudi biltzen ditu; egilearen iritziz «artistaren arte-ibilbidearen aniztasunaren adierazgarri». Ildo horretan, Katalogoak ez du artistaren obraren azalpen lineala egin nahi izan, era arrazoituan Oteizaren bilakaera plastikoan eta kontzeptualean sakondu du. Zehaztapenak Irakurleak Oteizaren lana ulertu dezan, lan bakoitza bere testuinguruan kokatu du Badiolak osatu duen katalogoan. Horretarako, alde batetik, lan bakoitzaren izena, sorkuntza data, erabilitako teknika eta materiala, neurriak eta kokapena zehaztu ditu, baita arte lanaren jabetza ere. Gainera, lanaren esparru diskurtsiboa ere garatu du, obra bizipen prozesu biografiko, artistiko eta esperimental baten barruan kokatuz. Horrez gain, artista oriotarren obrak testuinguru historikoarekin, eta beste artista batzuen lanarekin ere erlazionatu ditu lanean. Oteiza. Eskultura Katalogo Arrazoitua argitalpen lana kaleratzeko Nafarroako Gobernuaren, Nafarroako Museo Sistemaren, Kutxa Gizarte Ekintzaren, Egisabarko Udalaren eta euskarazko ediziorako Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide