Orioko alkate Joxe Angel Zaldua, Orio Arraunketa Elkarteko presidente Ibon Huegun, eta Babyauto enpresako ordezkari Ibon Maza. (Aiora Larrañaga)
Hitzordua gorriz markatuta dute arraun taldeek, eta mila arraunlaritik gora bilduko ditu aurtengo jaitsierak. «Urtez urte estropada indarra hartuz joan da, eta egun arraun taldeek esfortzu berezia egiten dute beren traineruak estropadan parte hartu dezaten». Izan ere, Orioren jaitsierak bi zentzu ditu. Alde batetik, taldeek traineruek duten maila ikusteko baliagarria izaten da, eta horretarako prestatzen dira gainera. «Pasa den asteburuan esaterako 10 traineru izan ziren Oria ibaian gora-behera larunbateko estropada prestatzen. Hori guretzat pozgarria da, traineruek Oriaren Jaitsiera serio hartzen dutela esan nahi baitu» adierazi du Ibon Huegun Orio Arraunketa Elkarteko presidenteak.
Horretaz gain, arraunlari guztiei estropada jokatzeko aukera ere ematen zaie Oriaren jaitsieran. «Arraun taldeek ordezkaritza zabala ekartzen dute neguko estropadara, arrunlari guztiek jaitsiera jokatzeko aukera izan dezaten».
Larunbatean bi bandera izango dira jokoan. Alde batetik, Emakumezkoen II. Babyauto Bandera, eta bestetik Gizonezkoen V. Babyauto Bandera. Lehenengoa irabazteko lehian 4.000 metro osatu beharko dituzte parte hartzaileek, eta sail horretan emakumezko seniorrek, beteranoek eta mediterraneoko llagutek jokatuko dute. Bigarrena eskuratzeko berriz, 6.000 metro osatu beharko dituzte gizonezko absolutu mailako taldeek.
Giro ederra herrian
Estropada 17:00etan hasiko da, eta giro ederra ziurtatuta izango dela adierazi dute Orio Arraunketa Elkarteko ordezkariek. «Jaitsierak arraunlari eta arraunzale asko biltzen ditu, eta eguerditik gau parteraino herrian giro ezinhobea izango dela uste dugu». Dagoeneko, inguruko ostatu eta nekazalturismoak beteta daude, eta jatetxeek eta tabernek herrian giro polita izango dela aurrikusi dute. Ildo horretan, Orioko alkate Joxe Angel Zalduak eskerrak eman dizkie Orioko Arrunketa Elkarteari eta BabyAuto babesleari arraun hitzordua antolatzeko egiten duten esfortzuagatik. «Herrian giro ederra sortzen da, neguko asteburua alaitzeko aproposa».
75 ontzi eta mila arraunlari biltzen dituen estropada antolatzeko lan handia egin beharra dago. Boluntarioak lortzeko deialdia egin zuen Orio Arraunketa Elkarteak, eta oso gustura daude herritaren erantzunarekin 50 lagun inguru aurkeztu baitira egun horretan antolaketa lanetan aritzeko.