Rosi Lazkano. (Aiora Larrañaga)
Orioko eta Markina-Xemeingo bertso eskoletako bertsolariak Orioko Salatxo tabernan bilduko dira, ostiralean. Bertsotruk egitasmoaren barruan saioa eskainiko dute. 19:30ean hasiko da emanaldia, eta sei bertsolari ariko dira bertsotan: Orioko Errikotxia bertso eskolako Egoitz Eizagirre, Xabier Sukia eta Rosi Lazkano, eta Markina-Xemeingo bertso eskolako Xabat Gallatebeitia, Aissa Intxausti eta Lander Ibarluzea. Jon Agirresarobe Torrotxo izango da gai-jartzailea eta saioaren gidaria.
Emanaldia doakoa izango da, eta Errikotxia elkartetik adierazi dute, bertsolaritza atsegin dutenak ongi etorriak izango direla hitzordura.
Bertsotruk egitasmoa Euskal Herriko Helduen Bertso Eskolen Batzordeak jarri du abian, eta 26 bertso eskolek parte hartzen dute, taldetan banatuta. Modu horretan, helduen bertso eskolen arteko harremanak sendotu, eta bertsolariei jendaurrean bertsotan aritzeko aukera eman nahi diete. Horretarako, azarotik maiatzera bertso eskolak elkarren artean saioak antolatzen ari dira joan-etorri formatuan. Oriotarrak Gabon aurretik Markinan izan zuten saioa, eta Eizagirrek, Sukiak eta Aiako Jokin Zumeta Zialtzeta-k osatu zuten orduko hirukotea. Zumetak jendaurrean egin zuen lehen saioa izan zen.
Jendaurrean lehen urratsa
Ostiralean, Rosi Lazkano ariko da Eizagirre eta Sukiarekin bertsotan. Oriotarraren iritziz, bertsolari hasiberrientzat «trebatzeko aukera aproposa» da. Izan ere, Lazkanok uste du, bertso eskolako lanketaz gain, beharrezkoa dela jendaurrean aritzea ere. «Dena dela ez da erraza urratsa egitea, eta tabernetan edo afariren batean egiten diren formatu txikiko saioak oso baliagarriak dira beldurra kentzeko».
Aurreko urteetan ere egin izan dituzte bertso eskolen arteko topaketak, baina aurten egitasmoari forma eman diote Bertsotruk sortuz. Rosi Lazkanoren iritziz bertsolari hasiberrientzat «aukera ona da» jendaurrean saio txikiak egitea: «Lagunartean, giro goxoan eta presiorik gabe bertsotan aritzeko beta aurkitzea ez baita horren erraza izaten». Ildo horretan, uste du ostiraleko saioa «bizia eta alaia» izango dela, «herritarrek iluntze atsegin bat igarotzeko aproposa».
Gainera, bertso saioa amaitutakoan, Gure Etxea Elkartean afaria egingo dute denek elkarrekin.