Kiroldegiko ura berotzen hileko 908 euro aurreztuko dituzte gas kontsumoan

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko otsailaren 23a

Karela kiroldegian jarri duten Sedirec sistema. (Orioko Udala) Karela kiroldegian energia aurrezteko hainbat neurri hartu ditu Orioko Udalak; alde batetik, ur beroa hobeto kudeatzeko sistema ezarri dute, eta bestetik, LED motako argiak jarri dituzte. Orioko Udaleko arkitekto Pilar Azurmendik adierazi duenez, bulego teknikoak udaleko energia kontsumoa aztertu zuen, eta ohartu ziren kiroldegia zela udaleko eraikinen artean energia gehien kontsumitzen zuena. «Legezko osasun baldintza betetzeko, igerilekuko ur-bolumena %5 berritu behar da egunero. Saretik hartzen den ura hotza egoten da, eta 34 gradutara berotu behar izaten da. Horrek gastu handia du, ur bolumen handia baita berotu behar dena», zehaztu du Azurmendik. Horregatik, Sedirec sistema berritzailearekin ur beroaren %97 errekuperatuko dute aurrerantzean, eta energia hori ur berria berotzeko erabiliko dute. Horrela, ura berotzeko erabiltzen den gasaren kontsumoan hilero 908 euro aurreztuko dute. Euskal Herri mailan sistema berritzailea ezarri duen lehenengoetakoa da Orioko Karela kiroldegia, Lezokoarekin batera. 36.140 euro (gehi BEZ) kostua izan du makinak, eta udaletik jakinarazi dute hiru urtetan amortizatuko dutela. Gainera, nabarmendu dute makinak 20 urteko bizitza izatea aurrikusten dutela. LED argien «iraultza» Kiroldegiko argiterian ere aldaketak egin ditu udalak, LED erako argiak ipinita. Denera, 368 argi fluoreszente aldatu dituzte, eta horrek 5.078 euroko (gehi BEZ) kostua izan du. Pilar Azurmendiren esanetan kirol pistako argiak utzi dituzte aldatu gabe, «horrek inbertsio handia eskatzen du, eta aurrekontuaren arabera datozen urteetan aldatuko ditugula espero dugu». Udalak kiroldegian egin dituen aldaketak, udaleko energia kontsumoa aurrezteko neurrien barruan daude. «Arraun Teknifikazio Zentroan esaterako, biomasa galdara jarri zen, eta oso emaitza onak ematen ari da. Bestalde, pixkanaka kaleko argiteria ere aldatzen ari gara. Azken bost urteotan LED argiek iraultza ekarri dute energiaren kudeaketan, eta pixkanaka kaleko argiteria ere aldatzen ari gara» adierazi du Orioko Udaleko arkitektoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide