Hiri antolamendu planaren eragin linguistikoa neurtu du Orioko Udalak

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko otsailaren 19a

Aztertu egin dute Orioko bost gunetarako proposatutako hirigintza planek zer eragin izan dezaketen euskararen garapenean. Ikerketa "kontuan hartuko" duela esan du udalak.

(E. Albizu Lizaso) Hiri Antolamenduko Plan Orokorra osatzen ari dira Orioko Udalean, eta Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egin dute, proiektuari hizkuntzaren inguruko ikuspegia emateko. Plan horren helburua da hirigintzaren esparruko erabakiak hartzerakoan, kontuan izatea zer eragin izango duten euskararen garapenean. Horretarako, Hirigintza planeko bost proiektu nagusiak aztertu dituzte, eta hizkuntzari nola eragingo lioketen ondorioztatu dute. Honako guneak izan dituzte kontuan: Mutiozabal, Palota, Dike, Pilotalekua eta Aizperro. Gipuzkoan udal batek halako ikerketa bat egiten duen lehen aldia da, eta honako erakunde eta enpresek parte hartu dute hura osatzen: Gipuzkoako Foru Aldundiak, Elhuyar Aholkularitzak, Projekta Urbes arkitektura enpresak, Orioko Udalak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Uemaren eta Orioko Udalaren artean finantzatu dute proiektua, nahiz eta diputazioak jarri duen diru partida handiena: 7.491 euroko kostua izan du. Joan den agintaldian, Uemak Galesetik ekarri zuen Euskal Herrira ELE tresna, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaritzarekin batera egokitu zuen. Gipuzkoako Foru Aldundiak proban jarri du dagoeneko; izan ere, Kabia Gizarte Politikako Departamentuari atxikitako organismoan eta Tolosaldeko plan batean egin dute ebaluazioa. Orain, Orioko Udalak eman dio jarraipena horri. Joan den agintaldian onartu zuten ebaluazioa egitea, eta aurten berretsi dute erabakia udalbatza berrian, aho batez.

Politikarientzat lagungarri

"Erabakiak hartzen laguntzeko" tresna gisa definitu du Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa Jabier Zabaleta Orioko Udaleko Euskara teknikariak. Izan ere, azterketa hori ez da loteslea, baina laguntza bat izan daiteke politikariek erabakiak hartu behar dituztenerako. Euskara teknikariaren hitzetan, Oriok azken urteetan ikusi du hirigintzak nola eragiten dion euskarari: "Etxe asko egin dira hondartza inguruan eta Erriberan, eta jende asko etorri da kanpotik. Horrek eragin dio hizkuntzari, oro har, bizitzera etortzen direnak ez direlako oriotarrak bezain euskaldunak". Datuei erreparatuta, konturatu dira euskaldunen portzentajeak eta erabilerarenak behera egin dutela, batik bat, helduengan. "Oriok bere izaera euskaldunari eutsi nahi dio", esan du Zabaletak. Haren arabera, "adostasun handia" dago udalean eta herrian gaiaren inguruan, eta euskara herritarrek "oso berea" duten ezaugarria da Orion.

Kontuan hartuko dute

Angel del Hoyo Orioko Udaleko Hirigintza batzordeburuak esan du halako ikerketa bat egitea "oso positiboa" dela udalarentzat. Hark nabarmendu du hirigintza plan bat egiterakoan "faktore asko" hartu behar izaten direla kontuan, eta egin berri duten azterketa "osagarria" dela horretarako. "Aho batez onartu genuen ikerketa egitea udalean, eta kontuan izango dugu erabakiak hartzerakoan", adierazi du. Bestalde, Joxean Amundarain Gipuzkoako Foru Aldundiko Normalizazio planetako buruak esan du Uemak eta aldundiak tresna hori sustatzen jarraituko dutela datozen urteetan. Hori dela-eta, 2016arekin batera, aldundiko Lurralde Antolaketa zuzendaritzak diru laguntza lerro bat atera du, generoaren eta hizkuntzaren prebentziorako. Arnasguneen balioa ere nabarmendu du Amundarainek, eta haiek zaintzeko neurri gisa definitu du eragin linguistikoa ebaluatzeko tresna. Hark esan du Orioko kasuan "bereziki" duela garrantzia ebaluazioak, arnasgunea delako: "Arnasguneei eustea eta haiek indartzea da lehentasuna guretzat une honetan". Horretarako, "pauso garrantzitsua" da "herritar guztiak jabetzea arnasguneen garrantziaz", esan du. "Euskalgintza sozialak eta instituzionalak batera egin behar dugu lana". Gaia gizarteratzeko Lurraldea eta Hizkuntza. Hizkuntza eta Lurraldea deituriko jardunaldiak antolatu dituzte bi urtez aldundiak eta Uemak, eta arkitektoei, euskara teknikariei zein politikariei prestaketa saioak emango dizkiete bi erakundeek.

Gai transbertsala

Arnasguneei begira lan egiten dute, hain zuzen, Ueman, eta Miren Segurola Uemako koordinatzaileak esan du beraien helburua dela mankomunitateko "udalerri denetan" erabiltzea ELE tresna. "Estrategikoa da euskara modu transbertsalean ulertzea eta aplikatzea, eta urrats garrantzitsua da hirigintza planean lekua izatea", esan du. Bide horretan, "eredugarria" da Oriok hartutako jarrera, koordinatzailearen arabera. Hastapena da azterketa, eta hortik abiatuta jarraitu nahi dute gaia lantzen. Horretarako, ordea, "ezinbestekoa" da udalerri euskaldunek "lege marko propioa" izatea. Segurolaren hitzetan, aldundiek eta Jaurlaritzak sortu beharko lituzkete legeak arnasguneak babesteko eta halako azterketei balioa emateko. Bat egiten du berarekin Zabaleta teknikariak ere; izan ere, hark uste du "adostasuna" dagoela arnasguneak zaindu behar direla esaten denean, baina gero ez dagoela "lege zehatzik" haiek zaintzeko: "Horren falta sumatzen dugu; diskurtsoa bai, baina nola eman hori praktikara lege babesik gabe?".

Beste begi batzuekin

Hirigintzari "beste begi batzuekin" begiratzea da gakoa, eta horretan bat egiten dute ebaluazioa egin duten guztiek. Miren Vives Projekta Urbes enpresako arkitektoa da, eta lantaldean aritu da. Lehen aldia da halako proiektu batean parte hartu dutena; lehendik azterketak egin dituzte ikusteko nola eragiten duen hirigintzak generoan, umeen guneetan eta jarduera fisikoa egiterakoan, baina ez hizkuntzarekin uztartuta. "Beti ekonomiarekin eta mugikortasunarekin lotu izan dugu hirigintza, hau beste ikuspegi bat da", azaldu du. "Krisiak aukera eman digu eraikuntzak makalago eta hobeto pentsatuta egiteko, eta halako proiektuak garatzeko", esan du. Udal arkitektoaren informazioa izan du eskura Vivesek, eta esparru horretan egin du ekarpena ebaluazioan. Elhuyar aholkularitzako Imanol Azkue proiektua koordinatzen eta lanketa teknikoan aritu da, eta hark ere nabarmendu du hirigintzak lagun dezakeela "euskararen aldeko neurriak" hartzen, baina baita "aurkako faktoreak sortzen" ere; horregatik ikusten du "beharrezko" egin berri duten lana. "Herriak hazteak ez du zertan txarra izan, baina horrek esan nahi badu euskararen ezagutza eta erabileran galerak egon daitezkeela, neurriak hartu behar dira". Gipuzkoan halako azterketa gehiago egingo direla aurreratu dute guztiek.

Erabileran, beheranzko joera

Arnasguneak ahultzen ari direla ikusi zuen Iñaki Yurrebasok joan den urtean eginiko ikerketan. Horren erakusle da Orio. Bi urtean behin neurtzen dute euskararen erabilera Orion, eta joera beheranzkoa da, azken hamar urteetan, behintzat. 2015ekoak dira azken datuak, eta %63,13 da euskararen erabileraren portzentajea. Garapenari begiratuz gero, beherakada nabarmena da, batik bat, adinekoen artean. Zortzi urteko epe horretan, adinekoen artean 18,5  puntu egin du behera euskararen erabilerak: %58,70ekoa zen iaz. 2005etik 0,85 puntu egin du behera, berriz, helduen artean: %57,18koa zen 2015ean. Haur eta gazteei erreparatuz gero, denbora tarte berean, 1,9 puntu egin du behera umeen kasuan, eta 1,15 puntu gazteen artean. Honakoak dira 2015eko kale erabilerako zifrak: %84,74 umeena, eta %79,93 gazteena. 90ko hamarkadako datuekin alderatzen baditugu, gehiago erabiltzen da euskara haur, gazte eta helduen artean, baina gutxiago adineko pertsonen artean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide