(E. Albizu Lizaso)
Informatikan doktorea da Iñigo Perona (Orio, 1985), otsailaren 6tik.
Cum laude kalifikazioa lortu du, bikaintasunaren zeinua,
Portaeren modelugintza Internetetik lortutako datuak abiapuntutzat hartuz eta multzoen balioztatzean ekarpenak lanarekin. Zazpi urte igaro ditu hastapenetatik nazioarteko tesia aurkeztu duen arte.
Nola zehaztu zenuen zure tesiaren gaia?
Gure ikertaldeak datu multzo handietatik ezagutza ateratzea du xede, eta proiektu batzuk zituen eskuartean. Beraz, haien gurpilean sartu nintzen gaia finkatzerakoan.
Hiru zatitan banatu duzu proiektua, ezta?
Bai, aplikatuak dira bi, eta bestea teorikoa. Segurtasun informatikoan eta web meatzaritzan oinarritzen dira ekarpen aplikatuak; datuen multzokatzean eta haren kalitatean, berriz, teorikoa.
Zein izan da zure ekarpena?
Zati bakoitzak bere mamia du. Segurtasun informatikoari dagokionez, baliabide bat garatu dugu ezohikoa den trafikoa automatikoki ikusteko; eta, horrela, erasoak identifikatzeko. Gaur egun, birusen aurkako softwareek datu base bat dute, eta hor ikusten dituzte erasoak. Sistema hori, ordea, ez da gai eraso berriak ezagutzeko. Datu basean ez badago, ez da existitzen. Berritasuna da ez duela behar datu baserik, eta eraso berriak ikusten dituela. Horretarako, inteligentzia artifiziala eta ikasketa automatikoa zientzia arloetan jardun dut.
Web meatzaritzaren inguruan, berriz, zer da berria?
Erabiltzaileen inguruko informazioa ateratzea izan da helburua, webgunearen jabeak ikus dezan nolako erabiltzaileak dituen eta nola hobetu dezakeen bere ataria. Informazioa aztertzen dugu: nola nabigatzen duten, zer interes dituzten... Horrela, perfilak sor daitezke. Esate baterako, gorren kasua landu dugu, eta haiek, adibidez, errazago nabigatzen dute lauak diren webguneetan, mailakatu gabeetan. Orain artean interesak landu izan dira, eta horren arabera publizitatea jarri. Nire proposamenari esker, webguneak egokitu daitezke, baita ere, arazoen eta zailtasunen arabera.
Horrek badu soziologiatik zerbait, ezta?
Bai, webguneetako erabiltzaileen perfilak sortzen dituzu, beraien portaeren arabera. Pertsonen buruan sartzeko modu bat da, ikusten duzulako bakoitzak nola interpretatzen duen informazioa. Pertsonek nabigatzerakoan dituzten arazoak aurkitzen ditugu: soziologia dei diezaiokezu edo, nahi baduzu, psikologia.
Webgune pertsonalizatuen hastapena izan daiteke?
Bai. Gainera, argi dut erabiltzaile bakoitzak pertsonalizatutako webgunea izango duela laster. Erabiltzaile bat edo bestea sartu, desberdina izango da atariaren itxura. Informazioa berdina izango da, baina diseinu eta antolaketa desberdinarekin.
Datu segida batetik jakin dezakezu nolakoa den pertsona bat.
Jakina, hona adibide bat: supermerkatu handietan hasi ziren erregistratzen bezeroek zer erosten zuten. Bazeuden errepikatzen ziren patroi batzuk, eta perfilak atera zituzten. Esaterako, ikusi zuten jendeak pixoihalekin batera garagardoa erosteko joera zuela. Horrek balio izan zuen supermerkatua beste era batera antolatzeko, eta salerosketan eragina izan zuen. Gauza bera da guk proposatzen duguna.
Tesiaren hirugarren zatia teorikoagoa dela diozu.
Datuen multzokatzean dauden tresnen kalitatea nolakoa den aztertu dugu. Irizpide estatistikoetan oinarrituta, sailkapen bat egin dut. Orain artean, bakoitzak bere neurgailua proposatzen zuen, baina ez zegoen alderaketa zabalik eginda. 30 neurgailu erabilienak hartu ditugu, eta alderatu egin ditugu. Zenbait indize erabiltzea ere proposatu dugu, elkarren osagarri direnak, emaitza hobea izan dadin.
Tesiko hiru zatiak desberdinak direla ematen du, nola uztartzen dira?
Portaerak aztertu ditugu aplikatutako bi proiektuetan. Izan ere, informazioa biltzea eta modelo batzuk sortzea izan dut xede bi zatietan. Oinarrian dago, beraz, antzekotasuna. Hirugarren zatia osagarria da, multzokatze horien kalitatea neurtzeko.
Informatika urrun sentitzen dute herritarrek?
Erabiltzaile ikuspuntutik urrunegi gelditzen da. Pentsatzeko modua aldatu behar da informatika eta kodeak ulertzeko, eta hori zaila da ez baduzu ikasten edo umetatik barneratzen. Abstraktutzat hartzen dute herritar askok aplikazioen eta webguneen atzetik dagoena. Izan ere, erabiltzaileak aplikazio eta interfaze sinpleak nahi ditu. Dena den, pentsatzeko modua aldatu da, eta irekita gaude gauzak ikasteko eta deskubritzeko. Duela urte batzuk bazirudien Microsoft-en baliabideak beharrezkoak zirela; gaur egun, aplikazio berrietara moldatzen gara.
Nola ikusten duzu lantzen dutela eskoletan zientzia hau?
Oro har, ikusten da Interneten presentzia handiagoa dela eskoletan duela urte batzuk baino. Haurrek kontsultak egiten dituzte, eta irakaslea dagoeneko ez da dena dakien izaki hori. Informatika ikasgaiari dagokionez, ikusten da ari direla egokitzen. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako lan-poltsan sartzeko eskakizunak ere gorantz doaz, nabarmena da beste gai batzuk lantzen direla testu editore eta kalkulu orriez gain.
Software librea zabaltzen ari da, nola ikusten duzu?
Software librea mundu osoko informatikoek garatu dute, irabazi asmorik gabe. Kolaborazioa dute oinarri aplikazio, formatu eta sistema eragileek. Edonoren esku daude tresnak, eta gabeziak izanez gero ere, haiek konpontzeko aukera dago. Hori, adibidez, ona da euskararentzako. Komunitate nahiko txikia da euskaldunena, baina jende askok egiten du lana software libreak euskaratzen. GNU/Linux, Ubuntu, Firefox... denak euskara hutsean instala ditzakezu. Gainontzeko enpresa informatikoek beraien produktuak euskaratuko dituzte errentagarria bada eta nahi badute, bestela ez. Ideologia bat da software librea. Kodea eskuragarri duzu, eta elkarlanean oinarritutakoa da. Erabiltzaileek dagoeneko ez dute beharrezko sistema eragile itxia. Lana egiteko modu bat ere bada, eta administrazioak diru asko aurrera dezake jardun informatikoa software librean oinarritzen badu.
Etorkizuna lizentzia libreetan oinarrituta ikusten duzu?
Zalantzarik gabe. Informatikari dagokionez bai, baina baita musikari, literaturari edo zinemari dagokionez ere. Ikusi behar dena da zer formula aurkitu sortzaileek beraien lanetik bizitzeko aukera izan dezaten. Musika erosten duzunean, adibidez, legez ezin duzu abesti horien bertsiorik egin, eta horrek oztopatu egiten du arte horren garapena.
Behar bezalako lekua dute hedabideetan zientzia teknikoek?
Zientzia edo informatika arloko albiste oso pisutsuak soilik iristen dira hedabideetara. Bestelako ekarpenak, umilagoak direnak, ez dute behar adina leku. Elhuyar zientzia ataria hor dago, baina komunikabide orokorrei begira, murritza da presentzia. Hedabideek garrantzi gehiago emango baliete, gizarteak ere hala egingo luke. Izan ere, komunikabideek zer eta nola pentsatzen duten baldintzatzen dute. Haiek markatzen dute zertaz hitz egin behar dugun lagunartean, eta interesa elikatzen dute. Saiakera egingo balute zientziaren inguruko gaiak modu ulerterrazean azaltzeko, ekarpen ona izango litzateke.