(E. Albizu Lizaso)
Eneko Eizagirre judo jokalaria (Orio, 2000) kadetea litzateke, adinez; baina juniorrekin ari da lehian. Euskadiko Judoko junior lehian txapeldunordea izan da pasa den asteburuan, 90 kilotik beherako kategorian; eta Espainiako Iparraldeko Sektoreko txapelketarako sailkatu da. Sektore horretan parte hartzen dute Hego Euskal Herriak, Errioxak eta Aragoik. Hilaren 20an, Aragoin (Espainian) jokatuko du.
Nola hasi zinen judon jokatzen?
Ni baino lehen, lagun batzuk ibiltzen ziren Orion bertan, eta haiek ikustera joaten nintzen. Behin, entrenatzaileak esan zidan probatzeko, eta besteen artera sartu nintzen neu ere. Saio batzuk egin nituen horrela, eta gurasoak enteratu zirenean, apuntatu egin ninduten Orioko judo eskolara.
Zenbat urte daramazkizu honetan?
8 urterekin hasi nintzen Orioko eskolan, eta 12rekin Lasartera (Gipuzkoa) joan nintzen. Hiru hilabetez ibili nintzen han, baina utzi egin nuen azkenean. Izan ere, bidaia asko egin behar izaten genituen, eta nahasmen handia zen.
Orain, berriro heldu diozu.
Bai, urrian hasi naiz berriro, Lasarten. Orioko entrenatzaileak han ere ematen ditu saioak, eta aukera dut berarekin ibiltzeko. Nitaz gain, hemen inguruko jende gutxi dago eskola horretan. Gehien bat, Lasarte eta Donostia inguruko kirolariak ditut lagun. Dena den, familiak asko laguntzen dit, animatu egiten naute, eta edozein lekutara joan behar dudanean ere, beraiek hor daude beti, batetik bestera mugitzeko.
Judoan, kategoriez gain, pisua ere kontuan izaten dute kirolariak mailakatzerakoan?
Beste edozein kiroletan bezala, kadeteak, juniorrak eta beste kategoria guztiak daude. Halere, beste mailaketa bat ere egiten da, bai: pisuaren arabera. Kadeteetan eta juniorretan, adibidez, 55 kilotik beherakoa da baxuena, eta 100etik gorakoa altuena. Nik 81 kilotik 90 artekoan parte hartzen dut.
Joan den asteburuan jokatu zenuen lehen aldiz Euskadiko txapelketa; gainera, zu baino kirolari zaharragoak izan dituzu aurkari. Nolakoa izan da esperientzia?
Lehen saioa galdu egin nuen, eta bigarrena irabazi. Zerbait lortzeko ilusioarekin joan nintzen, baina obsesionatu gabe. Entrenatzaileak esan zidan egiten nuen guztia niretzat zela, eta urduri ez jartzeko. Kasu egin nion, eta gustura nago bigarren postuarekin. Irabazlea eta biok sailkatu ginen Espainiako Iparraldeko Sektoreko txapelketara.
Zer helbururekin zoaz hara datorren astean?
Ondo pasatzea, gozatzea eta ahalik eta lan txukunena egitea dut xede. Datozen urteetarako prestatzea da nire helburua uneotan, eta horretarako lehiaketa denak datoz ondo.
Ez da judoa egiten duzun kirol bakarra, ezta?
Futbolean ere ibiltzen naiz, Orioko taldean. Asteazken eta ostiraletan, futboleko entrenamendua izaten dut; astelehen eta ostiraletan, berriz, judokoa. Beraz, ostiraletan, bi saio izaten ditut: futbola bukatu eta azkar-azkar joaten naiz Lasartera.
Nola moldatzen zara denera ondo iristeko?
Nola edo hala moldatzen naiz astean zehar, eta asteburuak aprobetxatzen ditut lasai egoteko. Futbol partidak izaten ditut; halere, ematen dit deskantsatzeko denbora. Hori bai, astean zehar nahikoa lanpetuta ibiltzen naiz.
Bietatik zer kirol gustatzen zaizu gehiago?
Oso desberdinak dira, eta biak ditut gogoko. Futbola fisikoagoa da, korrika egin behar duzu, eta hankak lantzen dituzu. Judoko jarduna, berriz, indarrarekin dago lotuta.
Osagarriak izan daitezke bi kirolak?
Bai. Uste dut futbolean jokatzeak laguntzen didala, gero, judon errenditzeko; eta alderantziz ere bai. Eskerrak eman nahi dizkiet nire entrenatzaileei; batak zein besteak ulertzen dute bi kirol egin nahi ditudala, eta garrantzitsua da hori niretzat.
Pentsatu duzu, aurrera begira, bi kiroletako bat laga beharko duzula?
Oraingoz ez dut horretan pentsatu. Etorkizunean, agian, badakit tokatuko zaidala erabaki hori hartzea, baina unea iritsi ez denez, ez diot buelta gehiegi eman.
Ikaslea ere bazara, kirolak balio dizu buruari deskantsua emateko?
Bai. Gainera, azterketak ditudanean, gustatzen zait entrenamenduetara joatea: on egiten dit. Deskonektatu egiten dut, eta gero errazagoa da ikasten jarraitzea. Bestelako edozer arazo dudanean ere, irtenbide bat da kirola egitea, lasaitu egiten naiz.