Manterola ahizpak, futbolean bidea eginez

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko urtarrilaren 28a

Leire eta Ainara Manterola. (Aiora Larrañaga/Hitza) Txikitatik futboleko baloiarekin batera eta bestera ibiltzen zen Ainara Manterola; musika eskolara ere baloia eramaten zuela gogoan du oriotarrak. Futbolerako zaletasun handia izan du betidanik, eta beste hainbat kirol egin baditu ere, futbolarekin jarraitzea erabaki zuen. «Eskola kirolean amak saskibaloian entrenatzen ninduen, bera saskibaloi jokalaria izan zelako gaztetan, eta aitak, berriz, fubtolean. Azkenean bat aukeratu behar, eta dudarik gabe futbolaren bidea hartu nuen». Egun Ainara Manterolak 20 urterekin Realean jokatzen du emakumezkoen futboleko gorengo mailan; eta denboraldi honetan Leire Manterolak, 16 urteko ahizpa gazteak, Orioko Futbol Taldetik Añorgara egin du saltoa, lurralde mailatik Euskal Ligara. Bi ahizpen kirol ibilbidean gakoak ahalegina eta beren burua gainditzeko grina izan dira. Izan ere, Ainara Realak fitxatu izanak guztiz markatu du bi ahizpen kirola ikusteko modua. "Nire kasuan, argi geratu zen ez dagoela talde handi batean jokatu beharrik goi mailara iristeko. Askotan esaten zidaten Oriokon jokatuta ez nuela aurrera egingo, baina oker zeuden; lana gogor egiten bada, edonon jokatuta ere goi mailara iristeko aukera izan daiteke-eta. Nire ondoren Orioko hainbat jokalari aritu dira Realarekin entrenatzen". Ainara Manterolak 16 urte zituenean fitxatu zuen Realak; ordurako hainbat urte zeramatzan Oriokon jokatzen, aita entrenatzaile zuela. Realean hasi berritan taldeko jolakaririk gazteena zen, baina horrek ez zuen beldurtu, eta aurrera jarraitzeko indarra eman zion, gainera. "Urte horretan bertan Leire Oriokon jokatzen hasi zen, horregatik ez dugu inoiz talde berean jokatu, eta horren pena izan dugu beti". Dena dela, azken lau urteetan Leire Manterolarentzat bere ahizpa erreferente garrantzitsua izan da. "Ahizpa Realean eta Euskadiko eta Espainiako selekzioetan jokatzen ikusteak motibatu egin nau, eta horregatik gogor entrenatu dut pixkanaka aurrera egiteko". Lehiakortasuna giltza Manterola ahizpen esanetan, familiaren babes handia izan dute beren kirol ibilbidean, une oro. Futbola ohiko gaia izaten dute etxean, batak besteari gomendioak eman, aitaren azalpenak entzun... Izan ere, hasierako urteetan aita izan zuten entrenatzailea, eta denboraldi horretan asko ikasi zutela nabarmendu dute. Dena dela, "aitortu behar dugu aita entrenatzaile izateak bi alderdi dituela. Zenbaitetan ez da erraza izaten, aita-alaben arteko ohiko gatazkak agertu daitezkeelako, eta lagunen batekin arazoren bat badu ere, eragin egiten du". Aitzitik, aitarengan "konfiantza osoa" izan dute beti bi jokalariek, eta jakin bazekiten harekin ondo eta serio entrenatuko zutela, eta partidetan lan ona egiteko prestatuta izango zirela. Izan ere, Manterola ahizpentzat lehiaketa bera ere oso garrantzitsua da. "Futbolean jokatzen gozatu egiten dugu, baina oso lehiakorrak gara, irabazteko grina dugu, eta horrek hobetzeko indarra ematen digu". Ainara eta Leire Manterolaren iritziz lehiakortasun hori futbolean aurrera egiteko oso garrantzitsua da, "gero eta maila altuagoan jokatu, orduan eta lehiakorragoak izaten dira jokalariak". Ildo horretan, uste dute, jokatzeko gogoa eta jokalariek beren buruari markatzen dizkieten helburuak "oso desberdinak" direla oinarrizko futbolean eta goi mailakoan. "Orioko taldean kirola egitea eta lagunartean futbolean jokatuz ondo pasatzea dira helburu nagusiak". Goi mailako taldeetan, berriz, jokalariak askoz lehiakorragoak direla uste dute. "Gogor entrenatzen dugu, asteburuan partidan jokatzeko aukera izateko eta irabazteko. Gainera, entrenatzaileak zelaira ateratzen ez bazaitu, mina hartzen da, eta berriro gertatu ez dadin ahalegin handiagoa egiten da". Ainara Manterola bera azkenaldian esperientzia hori bizitzen ari da, nahi lukeena baino minitu gutxiago jokatzeko aukera izan baitu denboraldia hasi zutenetik. "Ez da erraza egoera, Gasteizen ikasten dut, eta egunero etortzen naiz Donostiara entrenatzera. Gogor entrenatzen dut, baina beti ez dira gauzak nahi bezala ateratzen, eta presio handia da niretzat, psikologikoki oso gogorra izan behar da". Etxekoek asko animatzen dute, "ez etsitzeko esaten didate, beti bezala lanean jarraitzeko". Realaren kasuan, kontratu profesionalak dituzte emakumezko jokalariek ere. "Horregatik, nik oso serio hartzen dut futbol jokalari izatea, eta ahal den lanik onena egin nahi dut beti". Bestalde, Leire Manterolari asko aldatu zaio egunerokoa ikasturte berria hasi zuenetik. "Lehen etxea, ikastola eta futbol zelaia, bata bestearen ondoan nituen. Orain, aldiz, Zarautzen ikasten hasi naiz, eta Añorgara joaten naiz entrenatzera, baina oso gustura nago». Taldean berria bada ere, Añorgako lehen taldean jokatzeko ahalegina egiten ari da futbolari oriotarra. «Behin edo behin entrenatu dut beraiekin, eta baita lagunarteko partidaren bat jokatu ere". Orioko Futbol Taldea Manterola ahizpek Oriotik kanpo jokatzen dutenez ezin dute Orioko Futbol Taldearen martxa nahi adina jarraitu; hala ere, taldea emakumezkoen futbola sustatzeko egiten ari den lana goraipatu dute. "Hondartzako futbol zelaian entrenatzen zutenean sortu zen aurreneko aldiz nesken taldea. Lehen urteak emaitza aldetik eskasagoak izan ziren, baina taldea hobetzen joan zen, eta emakumezkoen bi talde osatu izan dira denboraldi askotan". Urtero taldeak osatzeko zailtasunak izaten dituzten arren, ahalegina egiten dutela azpimarratu dute. "Normalean Orioko eta Aiako nesken artean osatzen da taldea, baina jokalariak falta badira inguruko herrietako futbol taldeetara jo behar izaten dute taldea osatzeko. Lan bikaina egiten ari dira".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide