EAJk Orioko birzkilatze tasa azaltzeko panela udaletxean ez duela jarri salatu du EH Bilduk. Irudikoa 2013ko azaroko datua da.
Orioko EH Bilduk EAJren Udal Gobernuak hondakinen gaiaren inguruan duen jarrera salatu du. «Oso garbi utzi digute zer den interesatzen ez zaiena. Abenduko plenoan San Pedroetatik desagertua zegoen balkoiko birziklapen tasaren kartelaren gaia mahai gainean jarri genuen. Jarriko zutela esan zuten, eta badirudi berriro ere ahaztu edo galdu egin zaiela», salatu du Orioko EH Bilduk ohar bidez. Ildo horretan, nabarmendu dute kartela jartzea hondakinen mahaiak aho batez onartutako neurria izan zela, EAJ ere bertako kide zela.
Bestetik, azaldu dute EAJk ez duela deitu hondakinen mahaia. «Orainek eta EH Bilduk behin baino gehiagotan eskatu arren ez digute kasurik egin. Gaiaren inguruan ez dute inongo kezkarik». Dena dela, gogoratu dute aurreko agintaldian hiru udal taldeek hartu zutela hondakinen % 65 birziklatzeko mailara iristeko konpromisoa. «Oraindik horretatik oso urrun gaude eta landu beharreko gaia da», uste du Orioko EH Bilduk.
Plan Orokorraz galdezka
Bestalde, Plan Orokorrari dagokionean, udal elkarteko teknikariekin hitzordua jartzeko eskatu du EH Bilduk, adituekin Aizperroko industrialdea eta Orioko garapen ekonomikoa lantzeko. Oraindik erantzunik ez dutela jaso zehaztu dute. «Gu lanerako prest eta gogoz gaude, baita elkarlanerako ere, zintzotasuna eta errespetua besterik ez dugu eskatzen», diote koaliziokoek.