Orioko Udaleko ordezkariak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatu Denis Itxasorekin batera Orioko portuan. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Gaur eguerdian Orioko alkate Joxe Angel Zalduak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatu Denis Itxasok hitzarmen bat sinatu dute, eta horren arabera lurralde mailako erakundeak 47.981 euroko diru-laguntza emango dio udalari Mutiozabal ontziola eros dezan; horrela foru aldundiak osotasunean ordainduko du ontziolaren kostua. Aurrerantzean Orioko Udalak bi urte izango ditu eremua berreskuratzeko. "Udaleko departamendu teknikoak badu ontziola berreskuratzeko proiektu bat esku artean eta hori landuko dugu. Ondoren, ontziola biziberritzeko proiektuak martxan jarriko ditugu. Ontziolan gune bizi bat sortu nahi dugu. Espazio horretan ontziak konponduko dira, eta itsas ondarearekin lotutako hainbat ekimen ere egingo dira" adierazi du Orioko alkateak. Horretaz gain, Mutiozabal ontziola berreskuratuan hezkuntza arloa ere landu nahi dute. Lurdes Salsamendi kultura zinegotziaren iritziz, "erakundeen eta eragileen arteko elkarlana" oso garrantzitsua izango da.
Denis Itxasok adierazi du Mutiozabal ontziolaren berreskuratzea, Gipuzkoako itsas ondarea balioan jartzeko Gipuzkoako Foru Aldundia egiten ari den ahaleginaren erakusgarri dela. " Gipuzkoak itsasoarekin eta ontzigintzarekin lotura estua izan du, eta horrek herritarren bizimodua baldintzatu du. Gure ondarea da, eta Gipuzkoako Foru Aldunditik ahalegin berezia egiten ari gara ondare hori bizirik mantentzeko ".
Horretaz gain, gogorarazi du itsas ondareak balio kultural eta turistikoa duela, eta arlo hori garatzea bisitariak Gipuzkoara erakartzeko giltza izan daitekeela. Ildo horretan, lurraldearen itsas ondarea jasotzen duten zentro guztiak lotuko dituen sare bat osatzea turismoari dagokionean estrategikoa izan daitekeela uste dute. "Gipuzkoak kalitatezko turismoa eskaintzen du, kultura eskaintzen baitu. Horregatik, ontziolak iragana erakusteaz gain, Oriora bisitariak erakartzea espero dugu".