Balearen Eguneko antzerkia plazan. (Aritz Mutiozabal)
Maiatzaren 14an Balearen Eguna ospatuko dute Orion. Mareak gora-behera, eguerdi partean egingo dute eguneko ekitaldi nagusia. Itsasadarran barrena ekarriko dute balea traineruek moila pareraino, eta horretarako baldintza egokiak izan daitezen marea gora izatea komeni da.
Eguna eta ordua zehaztuta, egunerako dena prest izan dadin herriko eragileekin biltzen hasi da Orioko Udala. Duela lau urte bezala, kale antzerkia egitea da asmoa. «Oriok 1901. urtera egingo du atzera, eta garaiko giroa islatuko duten esketxak egingo dira Alde Zaharrean zehar», azaldu du Imanol Urkizu Kultur Etxeko arduradunak. Udala Iñake Irastorza aktore oriotarrarekin harremanetan jarri da, eta bera izango da antzerkia zuzentzeaz arduratuko dena.
Orain, antzerkian parte hartuko duen herritarrak biltzea da antolaketarako hurrengo urratsa. 20-25 lagun inguru beharko dira: «Guretzat garrantzitsua da antzerkian parte hartzera animatzen direnek horretarako konpromisoa hartzea, aurrekoan zenbait arazo izan baigenituen».
Antzerkian adin guztietako herritarrek izango dute parte hartzeko aukera. «Dagoeneko aurreko edizioan pertsonaia nagusiak antzeztu zituzten herritarrekin harremanetan jarri gara, eta baiezkoa eman digute. Orain esketx desberdinetan parte hartzeko boluntarioak falta zaizkigu».
Interesa dutenek, Kultur Etxean eman dezakete izena; bertan izena eta kontaktua utzi, eta entseguekin hastera doazenean parte-hartzaileekin harremanetan jarriko dira arduradunak.
Oro har, ekitaldiari garaiz eutsi diotela uste dute. «Mota horretako ekitaldiek koordinazio eta antolaketa lana eskatzen dute, eta bertan parte hartuko duten eragile eta norbanakoek beste hainbat proiektu ere badituztenez, gauzak lehenbailehen lotzea komeni da». Horregatik, ekitaldian parte hartu nahi dutenek, datozen asteetan Kultur Etxera jo behar dute.
Berrikuntza bezala aurtengo Balearen Egunerako bale berria egiteko ideia du Orioko Udalak. «Urte asko pasatu da aurreko balea egin zenetik, eta hondatuta dago. Orain, berria nola egin daitekeen aztertzen ari da udala», azaldu dute.
Materiala biltzen
Balearen Egunean herriak mende bat atzera egingo du, eta horretarako atrezzzoa eta antzinako altzariak eta materiala ere biltzen ari dira antolatzaileak. «Antzinako altzariek xarma berezia ematen diote antzerkiari. Beraz, herritarrek aulkiak, itsas tresnak, garai bateko artilezko koltxoiak, eta horrelako materiala etxean enbarazuan badute, eskertuko genieke uztea».
Udalak material hori bildu nahi du, hemendik aurrera egingo diren Balearen Eguneko antzerkietan ere berrerabiltzeko. «Ez da lan erraza, herritar askok antzinako objetuak bota egiten baititu, erabilerarik ematen ez diotelako. Gu esaterako, erotuta gabiltza garai bateko sotana baten bila. Norbaitek etxean badu, eskertuko genioke antzerkirako bada ere uztea», azaldu du Urkizuk.