Arenas Aizpurua enpresa Xuai eremuan kokatuta dago 70 hamarkada bukaeratik. (Aiora Larrañaga/Hitza)
1999an Eusko Jaurlaritzak Oriako itsasadarrean draga lanak egiteko eman zion baimena ez dio luzatu Arenas Aizpurua enpresari, eta makineria eta ontziak saltzen dituztenean, itxi egingo dute enpresa. Orduan, Xuai eremuko lur saila utzi egin beharko dute. «Hasiera batean, denera 30 urteko baimena zen. 15 urte eta bost urteko hiru luzapen egiteko aukerarekin», baina lehen luzapena eskatu zutenean atzera bota zuen eskaera Eusko Jaurlaritzak. Ondorioz, dozena erdi langile geratuko dira lanik gabe: «Hamabi langile ginen eta azken urteetan hainbat langilek erretiroa hartu dute; gaur egun sei langile inguru geratzen gara enpresan; etxekoak batzuk, eta beste batzuk kanpokoak». Enpresako arduradunentzat «oso gogorra» da egoera. «Bizi guztia horretan jardun dugu, eta bat-batean gure lanean ezingo dugula jarraitu esan digute».
Oriako itsasadarra dragatzeko eta hondarra ateratzeko lehen 15 urteko epealdia amaitzeko hilabete gutxi falta zitzaizkienean, enpresako arduradunek jardunarekin segitzeko luzapena eskatu zuten Eusko Jaurlaritzan, baina Garraio Azpiegitura zuzendariak ukatu egin zien eskaera. «Ezustekoa izan zen guretzako. 2009an, luzera begirako inbertsio handia egin genuen azpiegiturak handitzeko, eta lehenxeago ontzi berria ere erosi genuen».
Enpresa arduradunen esanetan, Eusko Jaurlaritza bera izan zen horretarako kontsezio eremua handitu ziena. «Une oro erakundeen oniritzia jaso genuen, eta beharrezkoak ziren baldintza teknikoak eta ingurumen baldintzak bermatzen zituzten txostenak ere aurkeztu genituen, denak aldeko txostenak», azaldu diote enpresakoek Urola Kostako Hitzari.
Hala ere, kontsezioa ez zieten luzatu, eta egoeraren aurrean enpresak errekurtsoa aurkeztu zuen epaitegietan. Pasa den astean argitaratu zen epaia, eta errekurtsoa atzera bota du epaileak.
Jaurlaritzaren arrazoiak
Eusko Jaurlaritzak Arenas Aizpuruak draga lanekin ez jarraitzeko eman dituen arrazoiak bi izan dira: alde batetik, Gipuzkoako Portu Zerbitzuari ontziak portuan amarratuta izateagatik ordaindu beharreko tasari jarritako errekurtsoa aipatzen da txostenean. «1978an oraindik Eusko Jaurlaritzarik ez zenean, Espainiako Gobernuko portu zuzendaritzak Xuain lurra kontsezio administratiboan utzi zion gure aitonari eta berak egin zuen portua», diote Arenas Aizpuruako arduradunek. Horregatik, haien enpresak moilagatik kanona ordaintzen du. «Hori dela eta, ez zaigu bidezkoa iruditzen, lurra ordaintzeaz gain, gure portuan ontzia amarratuta izateagatik ere ordaindu behar izatea», azpimarratu dute.
Bestetik, Arenas Aizpurua enpresak draga jarduera portu eremutik kanpo egiten duela ere aipatzen du Espainiako Ingurumen Ministerioko Kosta zuzendaritzak, eta hori aintzat hartu du Eusko Jaurlaritzak baimenari uko egiteko orduan. «Gu ez gaude salaketa horrekin ados. Lehen ere salaketa bat jarri zitzaigun arrazoi beragatik, eta epaileak arrazoia eman zigun. Orain beste bi auzi ditugu epaitegietan gai beragatik, eta legeak esango du nork duen arrazoia» adierazi dute enpresariek.
Horrez gain, epaiketan Kostaldeei Buruzko Legearen 63.2 artikulua argitara azaldu da. Horren arabera, debekatuta dago draga jardueratik ateratako hondarra saltzea. Legea 1988an onartutakoa da, beraz Arenas Aizpurua enpresako arduradunek ez dute ulertzen 1999an zergatik berritu zitzaien baimena. «Gu inoiz ez gara ezkutuan aritu. Gure jardueraren jakitun izan dira beti erakundeak, zergak ordaintzen ditugu eta gure kontuak garbi daude. Gure jarduera legez kontrakoa bazen, zergatik utzi zaigu hainbeste denboran lanean?», galdetu dute.
Hondarraren tamaina
Hondartzako hondarraren egoerak ere zalaparta sortu du azken urteetan herritarren artean. Ildo horretan, 2012 EHUko Topografiako bi ikaslek hondarraren granulometriaren inguruko azterketa egin zuten. 25 urtetan tamaina nabarmen handitu zela ikusi zuten, eta hori bi faktore nagusik eragin zezaketela ondorioztatu. Alde batetik, kanpoko barrak, korrontearen norabidea aldatu zuela. Eta bestetik, kanpoko barraren inguruan egiten ziren dragatze lanek, hondar fina eramaten zutela, eta hondartzara hondar lodia soilik iristen zela aipatu zuten.
Arenas Aizpuruako kideak, ordea, ez daude ados ondorio horrekin. «Inork ez du hori frogatu. Gainera, Azti Teknaliak 2008an egin zuen azterketan ez dago horrelakorik jasota».
Enpresako arduradunen iritziz «ez da justua» hondartzako arazoen jatorria draga dela esatea. Izan ere, uste dute azken hamarkadetan hondartza asko aldatu dela, eta faktore askok eragin dezaketela hondartzako maldan, eta hondar aleen tamainan. «Orioko hondartza orain baino askoz zabalagoa zen lehen, eta denboraleak zeudenean orduko futbol zelairaino iristen zen ura eta hondarra. Orain, malekoiko hormek hondarra eremu askoz txikiagoan pilatzen dute, eta horrek malda gero eta handiagoa izatea eragiten du. Gainera, hondarra pilatuta dagoenean, haizeak hondar fina eraman egiten du, eta ale handiak geratzen dira ,eta harria azaltzen da».
Arenas Aizpurua enpresak ia 60 urte daramazki, Orio eta Aia artean, Oriako itsasadarrean draga lanean, eta egindako lana aitortu behar dela uste dute. «Urte hauetan guztietan Oria ibaiaren nabigazio kanala garbi mantendu dugu, itsasontziak joan-etorrian arazorik gabe ibil zitezen».
Hemendik aurrera, Oria itsasadarra garbi mantentzeko enpresa bat kontratatu beharko du portu zuzendaritzak, sedimentuen pilaketagatik portuko sakonera txikiagotu ez dadin. «Oso garrantzitsua da dragatzea. Itsasadarra ez bada dragatzen, hondarra hor pilatuko da, eta ibaitik behera datorren sedimentuak ez duenez irteerarik izango ibaiaren nabigazio kanalean pilatuko da, itsasontzien joan-etorria oztopatuz».
Horrez gain, barra muturraren inguruan hondarra pilatuta badago, denborale kasuetan itsasoak kostaldean duen eragina gogortu egin daitekeela uste dute Arenas Aizpuruakoek.