Zaharren Babeslekuko presidente Txomin Iribar. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Asteazken arratsaldean egin zuen Orioko Zaharren Babeslekuak urteko batzarra. Besteak beste, gai zerrendan zuzendaritza taldeko kideak berritzea zuten aztergai, baina kargu hori hartzeko ez da inor aurkeztu eta Txomin Iribarrek jarraituko du presidente. «Zortzi urte daramazkit elkarteko lehendakari, eta aurretik zuzendaritza batzordeko kide ere izan nintzen. Egia esan nahiko nekatuta nengoen, eta elkarte gastronomikoan ere zuzendaritza taldean nengoenez, Zaharren Babeslekuko presidente kargua uztea nuen buruan».
Dena dela, batzordean ez zen hautagairik aurkeztu, eta jarraitzeko beharra sentitu zuen Iribarrek. «Zuzendaritzarik gabe elkarteak antolatzen dituen ekitaldiak bertan behera geratuko lirateke, antolaketa lana eskatzen baitute. Horregatik, onartu dut jarraitzea».
Azken zortzi urtetako balorazioa eginda, «oso gustura» dago Iribar. «Antolaketa lana izaten da nagusiki: zer diru dagoen ikusi, eta horrekin zer egin daitekeen aztertu. Datorren astean bilduko gara, eta urteko egitaraua osatzen hasiko gara. Ni gustura aritzen naiz, baina bazkideak zuzendaritzan parte hartzeko prestutasuna erakustea nahiko nuke, bestela gutxi batzuen esku geratzen baita lan karga dena».
Ongizatea helburu
Zaharren Babeslekuak antolatzen dituen ekintzen artean daude: adinekoek astean hirutan ariketa fisikoa egiteko taldea, bingoa, karta txapelketak, irteerak eta bidaiak. «Elkarteak Orioko eta Aiako udalen laguntza izaten dugu horretarako».
Denera, 913 bazkide ditu Orioko Zaharren Babeslekuak, eta horietatik ia ehun inguru Aiakoak dira. Erretiratuez gain, horien senar-emazteak, alargunak eta menpekotasuna duten pertsonak ere izan daitezke elkarteko kide. Zaharren Babeslekuaren helburu nagusia adinekoak dinamizatzea da, «adin tarte handia dago bazkide batzuen eta besteen artean, eta zenbait oso aktiboak badira ere, beste batzuei elkartearen egoitzatik ateratzea kostatu egiten zaie». Horri irtenbidea emateko, urtean zehar irteera eta bidaia ugari antolatzen dituzte, «bazkideak herritik atera eta gauza berriak ikusi ditzaten. Urtero Aginako sagardotegian antolatzen dugun bazkarira esaterako 300 lagun inguru etortzen da, eta giro paregabea izaten dugu», aitortu du Iribarrek.
Ildo horretan, Orioko Zaharren Babeslekuak harremana badu inguruko elkarteekin. «Zarauzko eta Getariako elkarteekin harreman ona dugu; bidaiaren bat antolatu eta osatzen ez bada, deialdia zabaltzen dugu, eta beste elkarteetara jotzen dugu, bertako kideek ere parte hartzeko aukera izan dezaten».
Oro har, elkartearen etorkizuneko nahia adineko pertsonen ongizatea bermatzea da, eta bide horretan proposamenak egiten dizkiote udalari. Txomin Iribarrek Dike inguruan komun publikoak jartzea oso garrantzitsua dela uste du. «Aspalditik nabil horren atzetik, udal gobernu desberdinek momentua ez dela esan izan didate, baina oraingo alkateak agindu dit agintaldian zehar egingo dituztela komunak».