Agirre: "Funtsezkoa da gizarteak jakitea zientzialariek zer ikertzen duten"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko urt. 15a, 07:38

Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute. (Aiora Larrañaga/Hitza) AITZIBER AGIRRE RUIZ DE ARKAUTE - Elhuyar aldizkariko zuzendaria Orion bizi den Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute (Gasteiz, 1974) Elhuyar aldizkariko zuzendari izendatu zuten azaroan. Biokimika zientzialari ohiarentzat jakintza zabaltzea garrantzitsua da, eta ildo horretan esku artean duen erronka berriaz aritu da Agirre Urola Kostako Hitzarekin. Zer moduz joan da lehen hilabetea zuzendari lanetan? Ederra izan da, baina neurri batean gogorra ere bada niretzat. Izan ere, bederatzi urte egon naiz lan utzialdian familia zaintzeko; horretan inbertitu ditut azken bederatzi urteak. Orain, lanera bueltatu naizenean, zuzendari lanetan hastea oso polita izaten ari da, baina aldi berean aldaketa handia ekarri dit. Ezustekoa izan al zen proposamena? Lan utzialdia hartu aurretik kazetari lanean aritu nintzen Elhuyar-en, baina ez nuen uste proposamen hau jasoko nuenik. Dena dela, oso gustura hartu dut berria. Elhuyarren egin nituen lehen urteetara atzera buelta izan da, hasiera haietan aldizkarian idazten ere jardun bainuen. Izatez zientzialaria zara, baina komunikazioarekin lotura estua izan duzu, ezta? Egia esan, nire lan ibilbidearen hasiera laborategi batean izan zen ikerketa lanetan, zientzialari gehienena bezala, eta beti pentsatu izan nuen horrela izango zela nire etorkizuna ere. Dena dela, biokimikako doktoretza bukatu nuenean zer bide jarraitu nahi nuen erabaki behar nuen, eta idaztea asko gustatzen zitzaidanez zientzia kazetaritzan saiatu nintzen. Elhuyarren beka batekin hasi nintzen lanean, Elhuyar aldizkarian idazten aritu nintzen denbora batez; oso esperientzia polita izan zen, baina unibertsitateko irakasle izateko aukera izan nuen, eta probatu egin nuen. Hala ere, zientzia dibulgazioa asko gustatu zitzaidanez, Elhuyarrera itzuli nintzen, Teknopolis saioko erredaktore eta aurkezle izateko. Elhuyar aldizkaria eta Teknopolis saioa zientzia herritarrei gerturatzeko bidea dira, baita irakaskuntza ere. Garrantzitsua al da zure iritziz zientzia herritarrengana hurbiltzea? Nire iritziz funtsezkoa da gizarteak jakitea zientzialariek ikertzen dutena zer den, guztion diruari esker egiten baita. Gainera, jendeak zientziaren ezagutza badu, jarrera kritikoa izan dezake zientzia arloan, eta nire iritziz ezinbestekoa da gizarteak zientziak bide egokia jarraitu dezan eragina izatea. Kritikotasunik gabe zientziak ez dagokion boterea eskuratzen baitu. Arlo horretan hutsunea dagoela iruditzen al zaizu? Bai, askotan aurreiritzi kontua ere bada. Askok zientziarekin lotutako gaiak ulertzeko zailak izan behar dutela uste baitute. Gizarteak duen hautemateaz ohartu dira zientzialariak, eta beren ikerketak gizarteratzeko ahalegin handiagoa egiten ari dira. Bestetik, hezkuntzak ere bide horretan eragina duela uste dut, eta Elhuyarretik esaterako ikastetxeentzat materiala sortzen ari gara, haur eta gazteek zientzia ulertzeko duten modua aldatu dadin. Nik uste dut, herritarrek zientziaz gero eta gehiago jakin, orduan eta gehiago jakiteko gogoa izango luketela. Elhuyar aldizkariarentzat ere zientzia zabaltzeko bideak irekitzea garrantzitsua dela uste al duzu? Noski baietz, Elhuyar aldizkaritik herritarrei zientziaz jabetzeko baliabideak eman nahi dizkiegu, euskaraz. Hizkuntza arloan ere hutsunea dago; zientzia zabaltzen da, baina euskaraz oraindik gutxi, eta hor badago esparru bat landu beharrekoa. Bestetik, guri gure lana herritar ororengana iristea gustatuko litzaiguke, zientzia denok ulertzeko modukoa egitea, formazio akademiko handirik behar gabe. Hala ere, ohartzen gara gure publikoa nahiko espezializatua dela oraindik. Etorkizunean aldizkariak zein bide jarraitzea nahiko zenukete? Batetik, gizartean kultura zientifikoa sendotzea dugu erronka nagusia. Euskal Herrian egiten diren ikerketa zientifiko eta teknologikoak zabaltzen laguntzea, eta nola ez, mundu osoan egiten direnak ere. Horretarako orain arteko bidean jarraitu nahi dugu: Euskal Herriko ikertzaileen laguntza preziatuarekin elkarlanean, zientzia herritarrei transmititzen segi, hori baita aldizkariari nortasuna eta, era berean, bermea ematen diona. Bestetik, une honetan badugu beste erronka handi bat: komunikabideak kultura digitalean txertatzeko izaten ari garen bilakaera horretan, egokitzen jakitea. Dibulgazioaz hitz egin dugu, teknologia berriak tresna egokia al dira bide horretan? Prentsa aldatzen ari da, eta idatzizko komunikabideoi eredu berrietara egokitzea tokatzen zaigu. Teknologia berriak oso baliabide eraginkorrak iruditzen zaizkigu Elhuyar aldizkariarentzat. Orain dela hilabete gutxi arte aldizkaria hilabetekaria zen, baina hiru hilabetekari bihurtu da baldintza ekonomikoengatik, eta edizio jarraiak gaurkotasun zientifikoari erantzuteko aukera ematen digu. Bestalde, sare sozialak jorratzen ditugun gaiak herritarrengana zuzenean iris-teko bidea dira. Gaur egungo euskarri anitzen bidez aukera berriez baliatzen jakin behar dugu. Zuen proiektuentzat erakundeen babesa garrantzitsua al da? Ezinbestekoa, izan ere gure muga finantzabidea da. Gaur egun ditugun baliabide ekonomikoekin, hiru hilabetekari izatera pasatu behar izan dugu. Ez da erraza ekonomikoki zientziaz euskaraz aritzen den proiektua sostengatzea, eta erakundeen babesa behar dugu horretarako. Haien laguntzarik gabe egun martxan dauden proiektu asko desagertu egingo lirateke, eta horrekin batera jakintza galduko litzateke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide