2015eko Orioko Litratur Lehiaketako irabazleen lan bilduma.
Aurten Orioko haur eta gaztetetxoen literatur lehiaketak 29. edizioa beteko du, eta aldaketekin iritsiko da. Izan ere, aurten apirilaren 23an, Liburuaren Egunean, egin nahi dute sari banaketa, eta horretarako lanak aurkezteko epea aurreratu egin dute. Beraz, martxoaren 11rako aurkeztu beharko dituzte oriotar gazteek beren lanak bi ikastetxeetako zuzendaritzetan edo udaleko Euskara Zerbitzuan. Aurreko urteetan bezala, parte-hartzea boluntarioa izango dela nabarmendu dute udaletik. "Irakasleek haurrak parte hartzera animatzea nahi dugu, baina ez dituzte behartu behar".
L.H. 3 mailatik hasi eta DBH 4. maila bitarteko haur eta gaztetxoek parte har dezakete lehiaketan. Lanek euskaraz idatziak izan beharko dute, eta parte hartzaile bakoitzak gehienez lan bat aurkeztu dezake modalitate bakoitzera, ipuina edo olerkia. Epaimahaiak maila bakoitzeko bi ipuin, eta bi olerkirik onenak aukeratuko ditu.
Marrazki lehiaketa
Horretaz gain, marrazki lehiaketa ere antolatu du Orioko Udalak. Marrazkiak DIN-A4 tamainan aurkeztea gomendatu dute, baina beste neurritan egindakoak ere onartuko dituzte. Bestalde, zehaztu dute edozein teknika erabiliz egindako marrazkiak aurkeztu daitezkeela lehiaketara.
Kasu honetan ere, martxoaren 11 bitartean aurkeztu beharko dituzte haur eta gaztetxoek lanak, eta epaimahaiak maila bakoitzetik lau lanik onenak aukeratuko ditu.