Miren Salsamendi. (Aiora Larrañaga/Hitza)
MIREN SALSAMENDI- Berdin-berdinak Elkartearen lehendakaria
2015eko martxoan hartu zuen Miren Salsamendik (1968, Orio) Orioko Berdin-berdinak Elkartearen lekehendakari kargua, eta datozen asteetan Berdinduz proiektua martxan jarriko dute herrian. Bertan boluntario gisa parte hartu nahi dutenek, edo elkartearen inguruko informazioa nahi dutenek, 688- 63 09 25 telefono zenbakira hots egin, edo
berdin.berdinak@gmail.com helbidera idatzi dezakete.
Zergatik antzeman duzue Berdinduz proiektua abiatzeko beharra?
Berdin-berdinak zailtasun fisiko eta intelektuala duten haur eta gazteen kirol elkartea da. Bertan igeriketa, pilates eta pilota lantzen ditugu; 18 lagunek osatzen dute, eta horietako bakoitzak bere beharrak ditu.
Dena dela, Oriok kirol, kultura eta aisialdi arloan eskaintza zabala du, eta gure azken helburua etorkizunean Berdin-berdinak elkartearen beharrik ez izatea da; ezintasun edo desberdintasunen bat duten gazteek herriko elkarteetan parte hartzeko aukera izatea alegia, gainontzeko herritarrek egiten duten moduan. Utopia da une honetan, baina epe luzean hori errealitate izateko urratsak egiten hasi nahi dugu.
Zertan datza Berdinduz proiektuak?
Jakin badakigu, elkarte guztiak ez daudela prestatuta eguneroko bizitzan ohi baino oztopo gehiago dituzten haurren eta gazteen beharrak asetzeko; eta horretarako baliabiderik ez dute gainera. Askotan irakasle edo entrenatzaileek jarrera oso positiboa izaten dute, baina taldean beste 10-15 haur dituztenez, zailtasuna duen gaztetxoari ezin diote behar duen arreta eskaini. Zailtasunak dituzten gazte horiei laguntzeko sortu dugu Berdinduz; boluntario sare bat osatu nahi dugu, eta lagun horiei formazioa eman nahi diegu, ezintasuna duten gazteei gustuko duten jardueretan berdintasunean parte hartzen lagundu diezaieten; kirol talderen batean, pintura klasean edo musika tresnaren bat jotzen, besteak beste.
Edonor izan al daiteke boluntario?
Noski baietz, herritar guztiei irekita dago deialdia; norbait astean ordubetez edo bi orduz beste pertsona bati laguntzeko prest badago, ongi-etorria izango da. Horrez gain, ezin hobea izango litzateke elkarte edo eragile bakoitzeko kideren batek ere proiektuan boluntario bezala parte hartzea. Guk formazioa emango genioke, eta bere laguntzari esker zailtasunak dituen gazteak gainontzeko kideekin batera jarduera egingo luke.
Gainera, boluntario sareak harrera ona badu, beste mota bateko menpekotasuna duten herritarrengana ere zabaldu daiteke egitasmoa.
Hutsune nabarmena antzematen al duzue gazte horiek gizarteratzeko bidean?
Bai, eskolan daudenean gazte hauek babestuta daude, 30 urte bada eskola inklusiboa martxan dagoela. Lehen zentro berezietara joan behar izaten zuten ikastera, baina gaur egun gainontzeko haurrekin batera egoten dira ikasgelan. Orain, gizarte inklusiboa lortu nahi dugu. Izan ere, eskola arlotik kanpora familiaren gain geratzen da haur edo gazte horrek izan dezakeen zailtasuna bideratzea. Horregatik, Berdinduz proiektua familientzat ere lagungarria izango da.
Lehenbailehen jarri nahi al duzue Berdinduz proiektua martxan?
Bai, datorren astean proiekuaren koordinazioa eta kudeaketa bideratuko dituzten bi lanposturen deialdia argitaratuko dugu Lanbiden. Gure asmoa, bi profesionalak lanean hasten direnean proiektuari bultzada ematea da. Alde batetik, elkarteko kideen beharrak aztertu, eta boluntarioei formazioa emango diete. Eta bestetik, herriko elkarteei eta eragileei gune inklusiboak sortzen laguntzeko hitzalditxoak ere eman nahi dizkiegu. Izan ere, integrazioa kontzeptua egunero entzuten badugu ere, praktikan gazte horiek oztopo asko gainditu behar izaten dituzte bizimodu normal bat egin ahal izateko.
Berdinduz proiektuarekin ez dugu nahi zailtasuna duen gaztea, bere laguntzailearekin soilik jarduera egiten aritzea; gainontzekoek bezala taldean parte hartzea nahi dugu, elkar ezagutzea, eta esperientzia partekatzea alegia. Horretarako, pertsona horrek duen ezintasunean erreparatu beharrean, dituen gaitasunak balioan jartzea nahiko genuke. Taldean esaterako, badugu gurpildun aulkian dabilen gazte bat. Triatloia egin nahi du, eta hori esaten duenean gehienok gurpildun aulkian erreparatzen dugu lehenengo, eta dituen gaitasunak ahaztu egiten zaizkigu; joera hori aldatu behar dugu.
Berdinduz ekimenak estigmatizatuta dagoen kolektiboa gizarteratzeko ere balioko al du?
Ezintasun batzuk ikusi egin daitezke, eta horienganako enpatia gehiago du gizarteak. Arazo gehiago dago buruko gaixotasunak dituzten gazteekin. Hauek hasiera batean ez dira ikusten, gaixotasun asko eta asko daude, eta zenbaitek izenik ere ez dute. Gaixotasun horiek oso estigmatizatuta daude, eta bazterketa handia sortzen dute; ez asmo txarragatik, ezagutzen ez dugunak beldurra ematen digulako. Buruko gaixotasunak dituzten gaztetxo hauek gizarteratzeko arazoak izan ohi dituzte. Herrian izan ditugu
ttakatekoa edo desberdintasuna izan duten gazteak, askotan ez dira inguruan eroso sentitu, eta horrek arrisku handia dakar, etxean geratu izan baitira, gizarteratu gabe. Berdinduz proiektuak gazte horiek beren tokia aurkitu dezaten bidea ireki dezake.
Berdinduzen oinarrian Berdin-berdinak Elkartea dago, ibilbide luzea egin al duzue?
Duela bost urte sortu zen elkartea, eta bilakaera oso polita izan du. Ezintasunak dituzten gazteentzat sortu zen taldea hasiera batean, eta egun igeriketa saioetan kaleko gazte arruntek ere parte hartzen dute. Oso esperientzia aberasgarria da denentzat, eta esperientzia hori gizartera zabaldu nahi dugu, gizarte inklusiboa sortzeko.