Gipuzkoako Aulki Mugikorreko Txapelketan izango da Orioko harrobia

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko urtarrilaren 8a

Orio Arraunketa Elkarteko nesken laukoa arraunean. (Joxemari Olasagasti) Aulki mugikorreko denboraldia abian da, eta Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute asteburuan Hondarribian. Bertan izango dira Orio Arraunketa Elkartearen harrobiko taldeak. Ibon Urbieta da gaztetxoen entrenatzailea, eta «hezkuntza ikuspegitik» hartzen du asteburuko lehia. «Gaztetxoen mailan gure helburu nagusia arraunlarien formazioa da. Hainbat kontu jorratzen ditugu, eta horietako bat txapelketa izaten da». Horregatik, Urbietaren iritziz, asteburuko norgehiagokari begira, talde bakoitzak bere helburua izango du. «Batzuk garaipena lortzera aterako dira uretara, eta beste batzuk, berriz, ahal den lanik txukunena egitera. Garrantzitsuena entrenamenduetan egindako lana islatzea izaten da». Emaitzak edozein direla ere, «osasuntsu» ikusten du harrobia Urbietak. «Urtero gehitzen zaizkigu gaztetxo berriak taldera, eta aurretik daudenak esperientzia hartzen ari dira». Maila horietako helburu nagusia ez dute emaitza, baina urtez urte «gorakadatxo bat» nabari dela uste dute arduradunek. Bestetik, Orioko gizonezkoen senior mailako zortzikoak ez du parte hartuko Gipuzkoa mailako norgehiagokan. «Aurten urte olinpikoa da, eta zenbait arraunlari Espainiako Selekzioarekin Sevillan (Andaluzia, Espainia) entrenatzen ari direnez ezin dugu zortzikoa osatu», dio Jokin Amilibia senior mailako aulki mugikorreko entrenatzaileak. «Denboraldi osoan zehar horrela ibiliko gara, zenbaitetan ezingo dugu zortzikoa osatu, eta laukoetan jokatuko dugu». Gainontzean taldea fisikoki oso ondo dagoela esan du, «zortzikoarekin, ordea, uretan entrenatzeko zailtasunekin gabiltza». «Neguko Kontxa» Otsailaren 27an Oriaren XXII. Traineru Jaitsiera jokatuko da Oria ibaian, eta dagoeneko traineruek izena eman dezakete neguko arraunaren festan. Orio Arraunketa Elkarteko lehendakari Ibon Huegunek aurreko urteetan bezala estropadak arrakasta izatea espero du. «Jendetza biltzen da estropada horretan. 60 trainerutik gora etortzen dira, Kantauri itsasokoak eta baita Mediterraneokoak ere, mila arraunlari inguru elkartzen gara. Neguko Kontxa deitzen diote zenbaitek». Huegunen iritziz, Orioko estropadak bi zentzu ditu. Alde batetik, taldeek traineruek duten maila ikusteko baliagarria da. Eta bestetik, arraunlari guztiei estropada jokatzeko aukera ematen zaie Oriaren jaitsieran. «Zenbait elkartek bi-hiru traineru aurkezten dituzte arraunlariek parte hartu dezaten», dio Orioko Arraunketa Elkarteko presidenteak. Estropadan izena eman nahi dutenek orioae@orio-ae.com helbidera idatzi dezakete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide