Orioko sutea. (Karkara)
Larunbatean bi sute izan ziren Orion. Alde batetik, Igeldoko sutea Orioko lurretara igaro zen, eta bestetik Katxiña azpian Xaloa tabernaren atzean sutea gertatu zen. Orioko alkate Joxe Angel Zalduak azaldu duenez, suteek ez dute kalte materialik sortu. "Sua baserrietatik gertu ibili da; horregatik, baserrietako bizilagunak eta nekazal etxeetan ostatu hartuta zeuden herritarrak eremutik atera zituzten eta hainbat hoteletan eta albergeetan pasa dute gaua".
Katxiña azpiko sutea
Suteak ezustean harrapatu zituen herritarrak. Denak Kukuarri inguruko sutea jarraitzen ari zirela, Katxiña azpian sutea sortu zen. Orioko Udaleko ordezkariek oraindik ez dakite zein izan zen arrazoia. "Sute handia izan zen. Pinuek erretxina zuten eta su handia sortu zen. Goizeko 01:00etarako suhiltzaileek itzaldu zuten sutea, dena dela badaezpada zaintza lana egiten geratu ziren, eta goizean berriz berpiztu zen".
Igeldo inguruko suteak, berriz, gehiengat sastrakak eta sasia erre zituela nabarmendu dute udaletik.