Gabon Egunean Elkartasun Tonbola antolatzeko prestatzen ari dira gazteak

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko abenduaren 18a

Urtero Gabon Egunean plazan jartzen duten Elkartasun Tonbola. (Orioko Herri Ikastola) Gabon Egunerako Elkartasun Tonbola antolatuko dute Orioko Herri Ikastolako DBH 4. mailako ikasleek. Bertatik lortutako irabazia bi zatitan banatuko dute. Ikasketa bidaia finantzatzeko izango da irabaziaren erdia, eta gainontzekoa Ruandako ikastetxe batera bideratuko dute. «Tonbolatik lortutako diruaz gain, santa eskean eta herriko ikastetxeok Gabon Egunean egiten dugun kantaldian lortzen dugun dirua ere Ruandara bidaltzen dugu». Orain arte Leandro Esnaola misiolariaren bitartez bidaltzen zuten ikasleek beren ekarpena Afrikako herrialdera, baina Esnaola pasa den astean hil zen, eta orain haren anaia eta Ikastolako irakasle ohi Demetrio Esnaolak hartuko du lekukoa. «Leandro Esnaolak urte hauetan egin duen lana eskertu eta aitortu nahi dugu», adierazi dute Orioko Ikastolatik. Antolaketan buru-belarri Abenduaren 24an goiz-eguerdi partean izango da Elkartasun Tonbola zabalik herriko plazan. Dena dela, egun horretarako dena prest izan dadin, azken asteetan herriko merkatari eta ostalarien artean opariak biltzen eta materiala antolatzen ari dira ikasleak. «Taldetan banatu gara, eta herriko merkatari eta tabernariengana joan gara laguntza eske. Urtero antolatzen da tonbola solidarioa, eta ondo dakite zer den; horregatik oso harrera ona izaten du gure eskaerak» azaldu du Itziar Irastorza ikasleak. Denetik bildu dute: tabernetan ardo botilak, arropa dendetatik erosketa txartelak, ileapaindegiek ilerako plantxak eman dizkiete... Horrez gain, ikasleek ere bere ekarpena egin dute, eta opariak eman dituzte. Denera 300 opari inguru bildu dituzte, eta horiek zerrendatzen eta antolatzen ari dira orain. «Ikastolan Elkartasun Tonbolako gela dugu, eta bertan biltzen ditugu opari guztiak. Hiru zatitan banatuta dugu gela, eta bertan opariak sailkatu, datuak ordenagailuan sartu eta zozketarako prest uzten ditugu» zehaztu dute. Aurreko urteetan bezala, Elkartasun Tonbolak arrakasta izatea espero dute ikasleek. «Elkartasun ekimena izanik, herritarrek gogoz parte hartzen dute tonbolan. Oso egun polita izaten da; goizean haurrak Gabonetako abestiak kantatzera ateratzen dira, eta azken saioa plazan egiten dutenez jendetza biltzen da bertan. Gabon giroan murgilduta izaten dira denak, eta ilusioz parte hartzen dute tonbolan» adierazi du Irastorzak. Hala ere, jakin badaki eguraldiak zeresana izan ohi duela. «Eguraldi ona egiten badu jendetza etorriko da». Eguraldi kaskarrarekin, berriz, jende gutxiago ibiltzen da, baina opariak bukatu arte plazan egotea da ikasleen asmoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide