Orioko Udaleko teknikariak bilera egiten. (Orioko Udala)
Orioko Udala Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak herrian izango duen eragin linguistikoa neurtzen ari da. Izan ere, azken urtetan herriak jasan duen hazkundeagatik Orioko euskaldun portzentajea jaitsi egin dela ohartu dira, eta Orioko herriaren izaera euskaldunari eutsi nahi dio udalak. Horregatik erabaki du plan orokor berria lantzerakoan hizkuntzaren alderdia ere kontuan hartzea, Uemaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Lana Elhuyar enpresarekin egiten ari da Udala, eta nabarmendu dute kostuaren zatirik handiena Gipuzkoako Foru Aldundiak ordainduko duela.
Udaletik jakinarazi dutenez, plan orokorra lantzen denean, «herriaren etorkizuna baldintzatuko duten erabaki asko hartzen dira: besteak beste, sortuko diren auzo berriak, zenbat etxe berri egingo diren, zein motatakoak, kaleak eta espazio libreak nola antolatuko diren». Hartutako erabaki horiek ondorioak izaten dituzte hizkuntzaren erabileran ere. «Orion bertan azken plan orokorraren ondorioz, etxebizitza ugari egin da oso epe laburrean eta kanpotik jende berri asko etorri da herrira bizitzera. Horrek herriko euskaldunen ehunekoa jaistea ekarri du, ondorioz, euskararen kaleko eta etxeko erabilera ere jaitsi egin da», adierazi dute Orioko Udaletik.
Neurketarako tresna
Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak herrian izango duen eragin linguistikoa neurtzeko erabiltzen ari diren tresna Eragin Linguitikoaren Ebaluzioa izenekoa da; hori 2014-2015ean Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Uemak elkarlanean antolatu zituzten Lurralde eta Hizkuntza jardunaldien ondoren sortu zuten, eta Galesen erabilitako eredua du oinarrian.
Udaletik jakinarazi dutenez «tresna berria» da, eta oraindik oso toki gutxitan erabili dute. Orio izango da Lekarozekin batera horrelako azterketa bat egiten duen lehen udalerria Euskal Herrian. «Tresna horri esker udalak jakingo du nolako ondorioak izango dituen plan orokorrak euskararen egoeran. Gainera, beharrezkoa izango balitz eragin negatiboa zuzentzeko zein neurri zuzentzaile ezarri daitezkeen ere landuko dute»