Orioko emakume musulmanen taldeko hainbat kide meskitan. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Orioko meskitaren barruan Orioko emakume musulmanen taldea sortu dute, bi kulturen arteko zubi izateko asmoz. Musulman oriotarren hirugarren belaunaldiak Islama eta hizkuntza arabiarra ikasi zezaten ikastaroak eskaintzen hastea izan zen taldea sortzeko lehen urratsa. Izan ere, gurasoak konturatu ziren beren seme-alabek mendebaldeko kultura jatorrizkoa baino hobeto ezagutzen zutela, eta garrantzitsua iruditu zitzaien haurrek beren sustraiak ezagutzea. Haurren eskoletatik abiatuta hasi ziren gurasoak elkar ezagutzen, eta emakume musulmanen taldea sortu zuten. Orion bizi den Kautar Sanchez lasartearra izan zen taldearen bultzatzaileetako bat. «Nire kasua desberdina da. Ni hemengoa naiz, heldua nintzenean musulmandu nintzen, eta beharrezkoa iruditzen zitzaidan emakume musulmanok biltzeko gune bat izatea, elkar ezagutzeko eta egunerokoan musulman izategatik ditugun erronkak denon artean jorratzeko». Gaztelania eskolak ere ematen dituzte hizkuntzarekin zailtasunak dituzten emakumeentzat.
Astero biltzen dira eta bileretan gai desberdinen inguruan eztabaidatzen dute, erlijioaz, ohiturez, hezkuntzaz edo integrazioaz, besteak beste.
Estereotipoen gainetik
Taldea anitza da: emakume batzuk heldutan etorri dira Euskal Herrira jatorrizko herrialdea utzita, beste batzuk haurrak zirenean iritsi ziren, eta badira hemen jaio direnak ere. Ondorioz, emakume hauentzat integrazioa oso kontzeptu zabala da. «Orio herri txikia da, eta musulmanak izateagatik ez dugu bazterkeriarik jasaten. Dena dela, iruditzen zaigu garrantzitsua dela musulamanok herritar bezala parte hartzea. Musulmanak izateagatik ez dugu gizartetik at izan behar, eta gainontzekoek gurea ezagutu dezaten urratsa egin behar dugu, horrela lortzen baita kulturen arteko bizikidetza». Ildo horretan, uste dute mendebaldeko gizarteak ulertu behar dutela «pertsona guztiek ez dugula zertan berdinak izan eta ohitura berak izan. Tolerantzia da giltza».
Orion musulmanak naturaltasunez onartzen badituzte ere, emakume hauek egunerokoan hainbat oztopo gainditu behar dituzte. «Askotan emakume musulmanak gizonen menpe bizi garenaren uste okerra du jendeak, baina etxetik kanpo lana bilatzera ateratzen garenean zailtasunak izaten ditugu buruan zapia jantzita eramategatik». Orioko taldean bada 32 urterekin Gizarte Integrazio ikasketak egin nahi, eta ikastetxean zapia buruan duela sartzea debekatzen diotenik ere.
Oro har, jende askok «azaleko xehetasunetan» arreta jartzen dutela diote. «Islama izatez erlijio berdinzalea da, ez du inolako jazarpenik eta tratu txarrik onartzen. Ez du terrorismoarekin zerikusirik, baina ezjakintasunagatik zoritxarrez jende askok Islamaren pertzepzio okerra du».