Ekaitz Kortazar eta Nerea Egia garaile, Orioko V. Herri Lasterketan

Aritz Mutiozabal 2015eko abenduaren 12a

Orioko Herri Lasterketako irteera (Aritz Mutiozabal). 220 lagunek osatu dute Orioko Herri Ikastolak antolatzen duen lasterketa, eta horien artean Ekaitz Kortazar durangarra eta Nerea Egia donostiarra izan dira bizkorrenak. Gizonezkoetan lehia bizia izan da hiru korrikalariren artean: Unai Hernandez urretxuarra, Raul Gomez lasartearra eta Kortazar bera buru jarri dira hasieratik, eta azken txanpara arte elkarrekin korritu dute zirkuitua. Durangarrak 32:33ko denboran geratu du ordularia, eta 31 segundora helmugaratu da Hernandez, bigarren postuan; Gomez izan da hirugarrena, 49 segundora. Nerea Egia donostiarra izan da garaile nesketan (Aritz Mutiozabal). Emakumezkoetan, berriz, nahi bezala irabazi du Egiak.  Bere denbora 39:24koa izan da, eta bi minutu pasatxo atera dio bigarren sailkatu den Ane Zabala irundarrari. Sara Peña oriotarrak hirugarren postuan amaitu du lasterketa, azken itzulira arte bigarren joan eta gero; bigarren sailaktuak 8 segundoko aldea atera dio. Beraz, Peña izan da Orioko lehen sailkatua emakumezkoetan, eta gizonezkoetan, berriz, Joakin Juan Bellido.   Demetrio Esnaola oroigarria jasotzen (Aritz Mutiozabal).

Leonardo Esnaola gogoan

Proba hasi baino lehen, asteazkenean zendu zen Leonardo Esnaola omendu dute. Urte askoan misiotan ibilia zen Rwuandan, eta harreman estua izan zuen Orioko ikastolarekin; besteak beste, Gabonetan antolatzen duten tonbolan ateratakoaren zati bat Rwuandara bideratzen dute, harekin izandako elkarlanaren bidez. Demetrio Esnaola anaiak oroigarri bat jaso du ikastolaren eskutik, eta lasterketako 1 zenbakidun dortsala beretzako gorde dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide