Patxi Olideni omenaldia egingo dio gaur iluntzean Orioko Surf Taldeak

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko abenduaren 11

Patxi Olideni omenaldia egingo diote gaur Orion. (Maialen Sarasua) Patxi Oliden Danbolin oriotarra aintzindaria izan zen surf oholak egiten Euskal Herrian eta Estatuan. Izan ere, Itxas Tresna marka sortu zuen 60ko hamarkadan. Orion bertan zuen lantegia, Eusko Gudari kalean, eta surf ohol bat izatea luxua zen garaian, prezio eskuragarrian lortzeko moduko oholak egiten hasi zen. «Euskal Herriko surf munduan erreferente garrantzitsua izan da Oliden, eta merezi duen aitortza egin nahi diogu herriko surf taldearen izenean», azaldu du Orioko Surf Taldeko kide Iñigo Gaitonek. Hala, gaur omenaldia egingo diote Orioko Kultur Etxean, 19:00etatik aurrera. Egindako lana aitortzeaz gain, Orioko Surf Taldeak eskerrak eman nahi dizkio Olideni. Izan ere, omenduak oinordetzan emango dio Itxas Tresna marka Orioko Surf Taldeari. «Guretzat ohore bat da Itxas Tresna marka surf taldearen esku uztea. Modu horretan, markari dagokion garrantzia aitortu nahi diogu, eta modu egokian erabiltzeko konpromisoa hartu dugu». Orioko Surf Taldeak jakin badaki Itxas Tresna-k urte askotako «izen ona» duela, eta aurrerantzean ere «mimoz eta errespetu osoz» izen hori erabiltzeko asmoa du. «Markarekin zer proiektu landuko ditugun aztertzen ari gara orain» zehaztu dute. ‘Erreplika’ film laburra Gaur iluntzeko ekitaldian Iñigo Gaitonen Erreplika film laburra ere eskainiko du Orioko Surf Taldeak. Donostiako Surfilm Festibalean estreinatu zuten dokumentala, eta oraindik Orion aurkeztu ez dutenez, Patxi Olideni egindako omenaldia horretarako aukera aparta dela uste dute. Ikus-entzunezkoak Patxi Olidenek eta Mikel Agote surflari eta surf ohola egile oriotarrak duten harremana du ardatz. Bi oriotarrak surf oholak egiteko grinak elkartu zituen, eta Gaitonek harreman berezi hori jaso du dokumentalean. Proiekzioaren ondoren, solasaldia egingo dute parte-hartzaileen artean. «Dokumentalak 14 minutu irauten du, eta denbora muga zela-eta, hainbat anekdota eta bizipen kanpoan geratu ziren. Horien inguruan hitz egin nahi dugu ostiraleko saioan». Patxi Oliden bertan izango da, baita Mikel Agote eta Joxe Mari Zaldua ere; azken hau Patxi Olidenen iloba da, eta aintzindaria izan zen Orion surfa egiten. Denen artean herriko surfaren inguruan ariko dira solasean, garai zaharrak gogora ekarriz. Mikel Agote eta Patxi Oliden. (Iñigo Gaiton)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide