Orioko V. Herri Lasterketa jokatuko dute larunbat arratsaldean

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko abenduaren 10a

Larunbatean 16:30ean abiatuko dute Orioko V. Herri Lasterketa. (Aiora Larrañaga/Hitza) Orioko Herri Lasterketa antolatu du Orioko Herri Ikastolak larunbat arratsalderako. 16:30ean hasiko da kirol proba, eta 10 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek. Ikastolaren aurrean hasi eta bukatuko da lasterketa, eta Ortzaika auzotik Antilla hondartzara bitarteko ibilbidea osatu beharko dute. Lasterketan parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete kirolprobak.com webgunean. Helduen lasterketaren aurretik, haurrei egokitutako lasterketak antolatu ditu ikastolak: 2008-2009 artean jaiotakoek 300 metroko ibilbidea osatu beharko dute; 2006-2007koek, berriz, 650 metrokoa; eta 2004-2005 urteetan jaiotakoek, azkenik, kilometro batekoa. Parte hartu nahi duten haurrek 15:00etatik 15:30era eman beharko dute izena doan ikastolan bertan. Haurrak eta gaztetxoak lasterketan parte hartzera animatu dituzte antolatzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide