Joseba Unanue oriotarra (ezkerrean) taldekideekin Espainiako Txapelketako garaipena ospatzen
Duela 11 urte inguru jarri zuen Joseba Unanuek dardo makina Unar taberna zenean; ordutik kirolean zaletasuna hartuz joan da, eta Euskal Herri, Espainia eta nazioarte mailako txapelketetan parte hartu du. Azaroaren 19tik 22ra esaterako, Oropesa del Mar hirian (Valentzia),
Marina D`or opor gunean jokatu zen Espainiako Dardo Txapelketa, eta garaipena lortu zuen hirunaka eta taldeka oriotarrak; gainera, urrezko dominei esker 2016ko udan Hungarian Europako Txapelketa jokatuko du. Gustura da garaipenarekin, eta besteetan ez bezala «ezustean» harrapatu duela aitortu du. «Aurten txapelketara joan aurretik ez genuen irabazteko aukerarik ikusten. Taldeka gainontzekoetan baino maila altuagoa zegoela iruditu zitzaigun». Ostegunetik igandera arteko txapelketa izan zen; lehen bi egunetan sentipen onak izan zituzten Unanue eta bere kideek. «Larunbatean taldekako txapelketa jokatu genuen, eta oso maila ona eman genuen. Ondo eta lasai jokatu eta ezustean txapeldunak izan ginen».
Igandean beste bi gizpuzkoarrekin hirukotekako norgehiagoka jokatu zuen oriotarrak, eta maila horretan ere garaipena lortu zuten. «Onartu behar dut igandean ez nintzela fin ibili. Bezperan oso saio luzea egin genuen eta nekatuta nengoen. Izan ere, larunbatean goizeko bederatzietan hasi genuen taldekako lehia eta igandeko goizeko bostetan bukatu; oso saio luzea izan zen. Egia esan, beste bi kidek asko lagundu zidaten igandeko lehian, eta elkarlanean urrezko domina lortu genuen».
Txapelketan bi garaipen lortzeko giltza zein izan zen argi du Unanuek. «Gure jokoa egin genuen, urte asko daramazkigu dardo txapelketetan parte hartzen, eta esperientziak lagundu egin zigun. Une jakin batzuetan guk ez genuen akatsik egin, eta aurkariek bai. Txapelketaren hasieran lasai jokatu genuen, presiorik gabe, eta 16 onenen artean sailkatu ginenean emaitza ona lortzeko aukera genuela ohartu ginen. Hortik aurrera buru-belarri jokoan zentratu ginen eta irabaztea lortu genuen».
Europa begiz jota
Espainiako Txapelketako bi urrezko dominei esker, 2016ko abuztuan Hungarian egingo den Europako Txapelketa jokatzeko txartela lortu dute Unanuek eta bere kideek. Dena dela, argi du Europako txapelketa Espainiakoekin alderatuz desberdina dela. «Han parte hartuko dugunok Europako txapelaren bila goaz, eta hasieratik tentsio handiko lehia izaten da». Gainera, zozketa bidez aukeratzen dituzte aurkariak, eta hasieran aurkari indartsu bat egokituz gero kolokan jarri daiteke lehia osoa.
Europako Txapelketan Unanueren helburua zortzi onenen artean egitea da; «talde horretan sartuz gero partaideen arteko diferentzia oso txikia da, eta xehetasun txikiek irabaztea baldintzatu dezakete». Europako txapelak Munduko Txapelketa irabazteko aukera emango lieke, baina oriotarrak jakin badaki maila hori urrun dutela oraindik. «Zenbait herrialdetan dardo jokoak indarra du, Asian, Erresuma Batuan eta Alemanian esaterako. Apustu etxeak sartu dira dardo jokoaren bueltan, eta diru asko jokatzen da. Gainera, hemen baino tradizio handiagoa dago».
Bestalde, Euskal Herri mailan ez dago Nazioarteko Zirkuiturako puntuak lortzeko txapelketarik, eta bidaiatu beharra dute. «Aste batean Japonian, hurrengoan Kanadan eta horrela etengabe. Horrek diru asko eskatzen du, babesle indartsua izatea, eta gure inguruan ez dago horrelakorik». Horregatik, Gipuzkoa mailan dardo jokalariak amateurrak dira. «Nik dardo enpresa batentzat egiten dut lan Gipuzkoan. Dena dela, Gipuzkoan ez da inor bizi dardotara jokatzetik, eta Espainia mailan hiru lagunek dute aukera hori».
11 urtetan hobetuz
2004an hasi zen Unanue joku moduan dardoetan jokatzen, eta bost urte daramatza goi mailan lehian. «Tabernan bezeroek trago bat hartzen zuten bitartean dardoetan jokatu zezaten jarri nuen makina, denborapasa moduan. Mundua ezagutzen hasi nintzen heinean serioago hartu nuen, eta neure buruari helburu zehatzak jartzen hasi nintzen».
Txapelketen inguruko ikuspegia ere aldatu zaio. «Lehen txapelketara ondo pasatzera joaten nintzen, emaitzei erreparatu gabe. Orain, egun batean txapelketa txarra egin badut, deskantsatu eta hurrengo egunean konzentratzen saiatzen naiz».
Izan ere, dardo jokoan konzentrazioa eta prestaketa beharrezkoak dira. «Nazioarte mailako lehiaketetarako aurreko hilabeteetan egunero lau ordu ingu-
ru entrenatzen ditut. Gainera, jokoan murgildu eta inguruan dagoen guztiaz deskonektatu behar izaten da, eta gaitasun hori lantzea garrantzitsua da».