Orion herritarrak Frontenis Txapelketan parte hartzen. (Karkara)
Urtero bezala Orioko Pilota Elkarteak Frontenis Txapelketa antolatu du udazken parterako. Urriaren 23an abiatu zuten lehia, eta datozen egunetan San Nikolas jaien bueltan bukatuko dute.
Gaur 20:30etik aurrera jokatuko dituzte finalerdiak Orioko frontoian. Ruiz-Rekejo, Makazaga-Indo, Ostolaza-Galarraga eta Lertxundi-Lizarralde bikoteak iritsi dira txapelketaren azken txanpara, eta horien arteko norgehiagokatik aterako dira igandean, San Nikolas egunez final handia jokatuko duten bi bikoteak. Antolatzaileek azaldu dutenez, finalerdietan lehia estua izatea aurreikusten dute, «lau bikoteak nahiko berdinduta» daude.
Igandean 17:00etatik aurrera, berriz, finala jokatuko dute. Bi partida izango dira: aurrenekoan, hirugarren eta laugarren postuak erabakiko dira; eta bigarren partidan finala jokatuko dute. Oriotarrak norgehiagokak jarraitzera animatu ditu Orioko Pilota Elkarteak. Bestalde, eskerrak eman dizkie txapelketa antolatzeko laguntza eman dieten guztiei: Ashe jatetxea, Infinity, Indo garraioak, Kortaberri Arotzak eta Kolontxiki tabernari.