Babarrun janerako boluntario bila dabiltza. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Orion jai giroa nabari da kaleetan barrena. Plaza ingurua atondu dute, eta azpiegiturak prest dituzte bihar festei hasiera emateko; haur, gazte eta helduak ere jaian murgiltzeko gogoz daude. Txalapartariak, adar-jotzaileak, Salatxo Abestatzakoak, Danbolin Musika Eskolako Bandakoak eta Harribil dantza taldeko kideak sanikolasak jantziko dituzte. Bihar babarrun janarekin abiatuko da lau egunetako festa, eta iaz bezala jendetzak parte hartzea espero dute antolatzaileek; dena dela sentipen gazi-gozoa dute barruan. Izan ere, dagoeneko 120 lagunek herri bazkarirako txartela erosi badute ere, inork ez du boluntario lana egiteko izenik eman. «200 herritarrentzat bazkaria antolatzea lan handia da. Aretoa muntatu, bazkaria prestatu, zerbitzatu eta ondoren dena garbitu behar da. Jende gutxirentzat lan karga handia eskatzen du, baina denon artean banatzen badugu konturatu ere egin gabe antolatuko genuke guztia», azaldu dute antolatzaileek.
Iazko esperientziatik abiatuta aurten boluntarioak bilatzeko deialdi irekia egin zuten herritarren artean, ahoz aho, whatsapp bidez eta prentsan zabaldu zuten mezua;
jarrialea@gmail.com helbide elektronikoa ere sortu zuten parte-hartzaileak boluntario gisa aurkeztu zitezen. «Egia esaten badugu, 120 lagunek izena eman dute bazkarian, baina inork ez du idatzi antolaketa lanean parte harzeko prest. Hori ikusita, ingurukoen artean boluntario bila gabiltza, eta jendea laguntzeko prest agertzen ez bada, iaz bezala gutxi batzuen artean egin beharko dugu dena». Horregatik, oriotarren artean antolaketan parte hartzeko beharra zabaldu nahi dute: «30 laguneko taldea osatzen badugu denon artean segituan prestatuko dugu dena», nabarmendu dute.
Jai eredu parte-hartzailea
Iaz herritar talde batek festa ereduaren inguruan hausnarketa egin zuen: besteak beste, festa herrikoi, parte-hartzaile, parekide, euskaldun eta sortzailean sinesten zuten, eta ezinbestekoa ikusten zuten «herritik herriarentzat» sortutako festa eredua bultzatzea. Ildo horretan antolatu zuten aurreneko aldiz babarrun jana. «Herritarren artean harrera bikaina izan zuen, primeran pasatu genuen guztiok, belaunaldi desberdinak bildu ginen kiroldegian elkarrekin bazkari atsegina egiteko. Hein batean helburua bete genuen, baina oriotarrek ulertu behar dute horrelako festa bat antolatzeko herritarrek ere beren aletxoa jarri behar dutela. Horregatik, hobetze aldera urrats bat aurrera egitea falta zaigu».
Aurten, esaterako, festa ereduarekin bat eginda Orioko Gure Esku Dago taldeak herri bazkariko antolaketan parte hartuko du. «Guk herri mugimendutik sortutako ekimenetan sinesten dugu, eta ideia polita iruditu zitzaigun babarrun jana egitea». Antolatzaileek argi dute festa denen arteko elkarlanetik sortzen ez bada, urtero lanean ibiltzen direnak nekatu eta aspertu egingo direla, «urte askotan joera hori mantenduz gero desagertzera iritsi daiteke. Horregatik, herri bazkarian parte hartu nahi duten herritarrei antolaketa lanetan parte hartzeko deia luzatu nahi diegu berriz ere, beren ekarpena ezinbestekoa baita».