Gure Bazterrak jaialdia herrian gizarteratzeko ahalegina egin dute aurten

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko abenduaren 2a

Gure Bazterrak jaialdian musikari bat taula gainean. (Gure Bazterrak) Larunbatean Gure Bazterrak jaialdia egin zuten Orion. Antolatzaileak oso gustura agertu dira kontzertu sortak herritarren artean izan duen harrerarekin. «Bigarren urtea izanik berritasun izaera galdu egiten da, eta jakin bagenekien zailagoa izango zela jendea erakartzea. Dena dela, uste baino pertsona gehiago bildu zen jaialdian, eta oso gustura gaude emaitzarekin» dio Eñaut Marti oriotarrak. Aurten musika jaialdia herrian uztartzea eta herritarrek Gure Bazterrak egitasmoan parte hartzea lortu nahi izan dute antolatzaileek. Neurri batean helburua bete dutela uste du Martik. «Ez dugu Gure Bazterrak kiroldegian egiten den musika jaialdi itxi bat izaterik nahi. Oriotarrek ere bere sentitzea nahi dugu, eta pixkanaka lortzen ari garela uste dut. Izan ere, eguerdi eta arratsalde partean herriko hainbat tabernetan antolatu genituen kontzertuetan herritar asko bildu zen, eta iaz baino oriotar gehiago etorri zen kiroldegiko jaialdira». Proiektua handituz doa Jaialdiak izan duen harrera onaren atzean, «lan handia» dagoela nabarmendu du Martik. «Bidean milaka eragozpen aurkitu ditugu. Gu ez gara kontzertuak antolatzen dituen enpresa handi bat, eta normalean gertatzen den moduan aurrekontua da zailtasun nagusia». Izan ere, Gure Bazterrak jaialdiak zenbait musika talderen ordainsariari ezin dio aurre egin. Horregatik, «musika taldeekin harremanetan jartzen garenean, egitasmoaren filosofia azaltzen saiatzeko gara, beraiek ere beren aldetik ahalegina egin dezaten». Sorreratik Gure Bazterrak egitasmoaren helburu nagusia, euskal musika eta musika taldeak gizarteratzea izan da. Martik argi du: «Epe luzerako helburu handia da». Hori lortzeko urrats txikiak ematen jarraitu behar dutela, alegia. «Iaz Gure Bazterrak musika jaialdia sortu genuenetik, proiektua handitzen joan da, hasieran ez genuen pentsatu ere egiten egun duen presentzia izango zuenik». Gaur egun Gipuzkoan zehar formatu txikiko kontzertuak antolatzen dituzte, hilean 8-9 kontzertu inguru. Bestetik, Benito Lertxundi eta Olatz Zugastirekin ere lanean ari dira, eta haurren artean musikarako zaletasuna sustatzeko Musika Laborategia ere antolatzen dute. Musika aniztasuna Gure Bazterrak proiektuak hartu duen sonaren eta zabalkundearen adibide da Zarauzko Gaztetxean antolatu zuten rock-instrumentaleko jaialdia. «Rock instrumentalaren munduan oso ezagunak diren Britainia Handiko hiru musika taldek Bartzelonan (Herrialde Katalanak) jo behar zutela jakin genuen, eta Euskal Herrira ekartzeko aukera suertatu zitzaigun». Zarauzko Putzuzulo gaztetxean antolatu zuten saioa, eta uste baino erantzun hobea izan zuen: «50 lagun inguru espero genituen eta ehun lagun etorri ziren. Pozgarria izan zen guretzat, herritarrek gauza berriak ezagutzeko gogoa dutela ikusi baigenuen». Gure Bazterrak jaialdiaren berezitasunetako bat estilo askotako musika biltzeko eta gizarteratzeko gaitasuna da. «Euskaldunak nahiko itxiak gara orokorrean, kostatu egiten zaigu gauza berriak probatzea. Horregatik, gure helburuetako bat herritarrei musika aniztasuna eskaintzen da». Horretarako euskal musika taldeen kontzertuak antolatzen dituzte. «Euskal Herrian musikari eta musika talde asko dago, eta oso maila onekoak gainera; estilo desberdinetako musika egiten da, eta guk ezezagunak diren talde eta musika horiek gizarteratu nahi ditugu». Etorkizunari begira orain arteko bidea jarraitzeko asmoa du Gure Bazterrak egitasmoak. «Dena dela, proiektua handitzen ari da, eta datorren urtea hausnarketarako eta erabakiak hartzeko urtea izango dela uste dugu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide