Orioko udalbatzarrean Joxe Angel Zaldua alkatea azalpenak ematen. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Atzo iluntzean ohiko udalbatzarra egin zuten Orion, eta hainbat kreditu aldaketen inguruko bozketa eginda, udal gobernuak jarraitzen duen prozedura izan zuten hizpide. EH Bildu, Orain eta PSE-EE udal taldeak bat etorri ziren, eta azaldu zuten udaleko erabakietan parte hartzeko eta ekarpenak egiteko aukera izan nahi dutela: "Orio ez da EAJ, ezta EH Bildu, Orain edo PSE-EE ere. Orio denon batura da, eta denok elkarlana egin behar dugu" azaldu zuen Miriam Uranga Oraineko bozeramaileak.
Amaia Dorronsorok, EH Bilduko zinegotzia zenak, azaldu zuen bere udal taldea hainbat puntutan abstenitu egin zela jarraitutako prozedura egokia iruditzen ez zaielako. "24 ordutan hiru batzar eta udalbatzarra izan ditugu, eta ez dugu ekarpenak egiteko aukerarik izan. Uste dugu gaiak dagokion batzordeetan landu beharko liratekeela, eta ez ogasun barzordean". Horren aurrean, Orioko alkate Joxe Angel Zalduak erantzun zion, "legeak agintzen duen epearen barruan egin direla deialdi eta batzar guztiak", beraz jarraitu den prozedura legeak agintzen duena dela.
Miriam Urangari Zalduaren erantzuna ez zitzaion nahikoa iruditu, eta aldarrikatu zuen Orain udal taldeak "herriaren eta oriotarraren alde lan" egin nahia duela; eta nahiz eta epea legeak dioena izan, "ez zaiela informazioa aztertu eta ekarpenak egiteko denborarik ematen". "Aurreko agintaldian Jor Redondo EAJko bozeramailea zenean esan zuen ez zitzaiola bidezkoa iruditzen Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendari bezala bere mahai gainean Xixeroneko sotoak auzolanean margotzeko diru-laguntza baten eskaria jasotzea; ez zela batzordetik pasa eta udal taldeek ere ez zutela horren berririk. Nik aitortu nion, guk ere ez genuela informazio hori jaso, eta ez zitzaigula ondo iruditzen gertatu zena. Dena dela, aurten hainbat proiektuk ere bide bera jarraitu dute, ez dugu izan ekarpenik egiteko aukerarik, eta horien inguruan galdetu dugunean esan zaigu aurrerago horren berri emango zaigula batzorde batean".
Bestalde, Urangak salatu zuen behin baino gehiagotan entzun duela oposizioa udal gobernuaren lana oztopatzen aritzen dela. "Oposizioa kritika eraikitzailea egitea da, eta duela lau urteko kontuak alde batera utzi eta elkarlanean lana egitea eskatzen dugu Orainetik". EH Bilduko bozeramaile Emeterio Iribarren iritziz Urangak eman zuen azalpena "gauzak hobetzeko baliogarria da, eta udal gobernutik jasotzen dugun erantzuna
zuek modu horretan edo okerrago egin zenuten izaten da".
Priete: "Atzetik karga dakarkizue"
PSE-EEko zinegotzi Ana Priedek Urangaren azalpenarekin bat egin zuen. "Ni berria naiz, eta ohartu naiz aurretik izan dituzuen hika-miken karga duzuela bizkar gainean. Uste dut horiek atzean uzteko eta elkarlanean hasteko garaia dela". Bestetik, nabarmendu zuen egia dela zenbaitetan informazioa berandu iristen dela eta horrek behar den bezala lan egitea eragozten diela gainontzeko taldeei. "Ni naiz arazo hori gehien sufritzen duena, sei batzordeetan parte hartu behar dut eta askotan ez dit dagokion informazioa irakurtzeko denborarik ematen. Horregatik, udal gobernuari eskatu nahi diot ahal den heinean informazio garaiz bidaltzeko, gaiak aztertzeko aukera izan dezagun. Dena dela, uste dut denon aldetik ahalegina eginda gauza asko hobetu ditzazkegula".
Orioko alkate Joxe Angel Zalduak udalbatzarrean esandakoen inguruko oharrak hartu zituen, eta esan zuen ahal den heinean aipatutakoak kontutan hartuko dituela gauzak hobetzeko bidean. Gainera, nabarmendu zuen aurretik izandako hika-mikak alde batera uzteko lehen urratsa alkateak berak emango duela. "Aurreko agintaldian gertatutakoen eta izandako prozeduren inguruan ezer ez esaten saiatuko naiz".