Motondo eremuaren erabilerak eztabaida sortu du. (Ane Olaizola/Hitza)
Aurreko udalbatzarrean EH Bilduko Gotzon Igoa zinegotziaren galderari erantzunez Orioko alkate Joxe Angel Zalduak azaldu zuen Moskito Elkarteari Motondon aeromodelismoa egiteko baimena eman ziola. Erabakiaren aurka agertu ziren hainbat herritar, jarduera hori debekatuta dagoela ulertuta. Horren harira, Orioko alkateak gaia argitu nahi izan du. Alde batetik, jakinarazi du 2014an Orioko Udal Arkitektoak egindako txosten teknikoan, aeromodelismo jarduera ez dagoela «espresuki baimendutako jardueren artean, ezta debekatutakoen artean ere». Txostenean zehaztuta dauden Motondoren erabilera nagusiak hurrengoak dira: «marismen eta belardien kontserbazioa, ingurumen hobekuntza, zientzia eta kultura jarduerak, eta erabilera publiko hedagarria». Bestetik, argitu du txostenak dioela «Udalak Motondoko barrutia berreskuratzeko duen egitasmoaren barruan, Moskito Elkarteak bertan dituen azpiegiturak kentzeko eskatu nahi zuela» eta Zalduaren esanetan, txostena kontutan hartuta «orduko alkateak gutun bat idatzi zion Moskito Elkarteari bertan zituzten azpiegitura guztiak kentzeko aginduz. Ez zen batzordetik pasa eta alkate dekretua ere ez zen izan».
Orain Orioko alkateak txosten berria eskatu dio arlo horretan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaria, eta ebazpena jasotakoan alkate dekretuz erabakiaren berri emango du.