Elkarretaratzea eta dokumentala antolatu dituzte Orion, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunerako

A. Larrañaga Solaberrieta 2015eko azaroaren 19a

Azaroaren 25ean, asteazkenean, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da, eta Galtzarri Kultur Elkarteak eta  Orioko Xaltxerak taldeak Indarkeria Matxistarik ez! lelopean elkarretaratzea antolatu dute. Asteazkenean, 19:00etan izango da hitzordua Orioko plazan. Gero, 19:15ean, Martxan dokumentala proiektatuko dute Salatxo aretoan; ikus-entzunezkoa Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundeak ekoitzi du, eta El Salvador, Guatemala eta Euskal Herriko zortzi emakumek "mundu osoko emakumeek jasaten duten indarkeria matxista anitzen"  inguruko hausnarketa egiten dute bertan. Proiekzioa amaitutakoan, Euskal Herriko Bilgune Feministako kideekin batera gaiaren inguruko solasaldia egingo dute emanaldira bertaratzen direnek. Oriotarrei ekimenetan parte hartzeko deia luzatu diete. Xaltxerak taldea Horretaz gain, jakinarazi dute Galtzarri Kultur Elkartearen babesean Xaltxerak Orioko emakume taldea indarberritzeko asmoa dutela. Xaltxerak 2008-2009an sortu zuten emakumeen zapalkuntzaren inguruan hausnartu eta ahalduntze prozesuan urratsak egiteko asmoz. Hasitako bideari jarraipena eman nahi diote eta Orioko emakumeak proiektuan parte hartzera animatu dituzte.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide