Olatz Zugasti: «Zuzenekoen gidaritza nire gain hartzea erronka izan da»

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko azaroaren 13a

Olatz Zugasti (Aiora Larrañaga/Hitza)   OLATZ ZUGASTI- Musikari eta kantautorea Olatz Zugastik (Hernani, 1965) Ur goiena, ur barrena diskoa argitaratu berri du. Bakarka sortu duen bere bosgarren diskoa izango da, eta aurrekoak ez bezala eszenatokietan aurkezteko urratsa eman du musikariak. Ur goiena, ur barrena diskoak barruan duzun hori azaleratzeko balio izan al dizu? Idaztea beti izaten da barruan duguna ateratzeko ariketa bat. Norberaren gatazketatik abiatutako kontraesanez hausnartzen da, baita gizartean ikusi daitezkeenaz ere. Zurrunbilo horri erantzun bat eman nahian zirriborroak egiten hasten naiz, eta lasaigarria ere izaten da gainera. Dena dela, kantua oso gauza berezia da, denbora gutxi irauten du, eta ideia zaparradari forma eman behar izaten zaio. Askotan forma ematerakoan, ordea, esan nahi zenuen hori esanahia galtzen joaten da; bi alderdien arteko borroka gertatzen da, eta une horretan formaren eta edukiaren arteko oreka aurkitu behar izaten da. Hori izaten da nire sortze prozesua. Beraz, hitzak asmatzen dituzu lehenengo eta musika dator gero? Kantuak sortzeko bide desberdinak jarraitu daitezke, ez du zertan prozesu zurruna izan. Askotan bi jarduerak paraleloak ere izaten dira. Entseatzen ari naizenean, bat-batean doinu berri bat edo ideia musikal bat etortzen bazait hori grabatu egiten dut. Beste batzuetan, berriz, konbentzitzen nauen letraren bat badut, horren gainean notatxoren batzuk jartzen eta giro bat sortzen hasten naiz. Batetik edo bestetik, urratsak ematen joaten naiz, eta pixkanaka kantua forma hartzen eta zehazten joaten da. Disko berriko kanta batzuen ideiak esaterako, duela hamar urtetik nebilzkien buruan. Zakarrontzira ere asko joan dira, baina pixkanaka bidea eman diot. Sortzen ari zarenean gomendioak eskatzen al dituzu? Ez naiz aholkuak eskatu zalea. Disko honetarako bereziki neronen irizpidea kontuan hartu nahi izan dut, eta nahiko osatua nuenean lagunen bati erakutsi diot. Benito [Lertxundi] izan da diskoa entzuten azkena. Nigan eragin handia du bere iritziak, eta prozesuaren hasieran banago, ideia soila edo zirriborroa badut esku artean, bera berehala hasten zait bere ustez hartu beharreko bidea zein izan beharko lukeen azaltzen. Hori ez dut nahi, nahiago dut neronek hanka sartu. Alderantziz, berak niri askotan eskatzen dit iritzia, nik zerbait esan diezaioket, baina berak buruan ideia jakin bat badu eta nirea egokia iruditzen ez bazaio, lasai arraio jarraitzen du bere asmoekin aurrera. Nik nahiago dut, ordea, diskoa bukatuta dudanean erakutsi. Diskoa entzunda atentzioa eman du harpa musika tresnaren xarmak. Harpa musika-tresna berezia da. Nik beti aldarrikatu izan dut harparen berezitasuna pop musikarako. Nire erreferente nagusia Alan Stivel musikari bretoia izan zen; horrek 70 hamarkadan pop eta rock musikarekin uztartu zuen harpa, eta mundu hori oso erakargarria egin zait beti. Diskoko lehen kantua Bizitza ederra da izenekoa Stiveli omenalditxoa da. Bestalde, Bob Dylanek ere egin zuen abesti bat harpa uztartuz; aukera asko ematen dituen musika-tresna da harpa. Proiektu berriarekin taldearen gidaritza hartu duzu. Erronka izan al da? Bai, zuzenekoen gidaritza nire gain hartzea erronka izan da. Kantuak nik sortu ditut, eta nik dakit ondoen zein giro izan behar dudan; horregatik, beldurrak uxatu eta urratsa aurrera egitea erabaki dut. Alabak berak ere animatu ninduen zuzeneko kontzertuak ematera. Ideia aipatu izan diodanetan, serio-serio esan izan dit ez duela ulertzen zergatik ez dudan oraindik pausoa eman. Azken finean, urte hauetan guztietan kantuak egin ditut, baina aukerarik ematen ez bazaie, jendaurrean interpretatzen ez badira, hiltzen doaz, ez da kantua hobetzeko eta bizitasuna emateko aukerarik izaten. Musikariei nirekin zuzenekoetan parte hartzeko proposamena egin eta baiezkoa eman zidatenean, ikusi nuen aurrera egitea beste aukerarik ez nuela. Disko hau taldearekin osatu duzue. Zer moduzkoa izan da musikari gazteekin lan egitea? Ur goiena, ur barrena diskoan lau musikari gazte ditut bidelagun. Alde batetik, Julen Alonso oriotarra, trikitilaria eta Uhats taldeko kidea; gaztetxoa zenetik ezagutzen dut Julen eta musikari berezia dela iruditzen zait. Bestetik, David Gorospe eta Ander eta Joanes Ederra Buffalo musika taldeko kideak. Gorospe Benitorekin ere aritzen da, eta Ederra anaiak umeak zirenean ezagutu nituen, euren aita Fernando Ederrak Benitoren taldearekin jotzen zuelako. Aspaldi ikusi gabe nituen, eta iaz Gure Bazterrak jaialdian jo zuten Orion. Entzundakoa gustatu egin zitzaidan eta zuzenekoetan nirekin parte hartzeko proposamena egin nien. Nire harridurarako berehala baiezkoa eman zidaten, eta oso gustura nago. Denek jarrera paregabea izan dute entseguetarako, eta asko eskertzen diet prestutasuna. Beren ekarpenak txertatu al dituzu kantuetan? Niretzat opari bat da musikari gazte hauekin elkarlanean aritzea. Ohartu naiz rock estiloko musika instrumentalaz gain, kantua ere maite dutela; oso irekiak dira, eta hori aberasgarria denontzat. Elkarlanetik abiatuta beren soinua nire musikarekin uztartzen saiatu naiz, eta konbinazio polita egin dugu. Zaila izan al da Benito Lertxundiren doinutik ihes egin eta diskoan izaera propioa agertzea? Ez nuke ihes hitza erabiliko, izan ere elkarreragina diogu elkarri, eta kantua etengabe sortzen eta aberasten ari dela ulertzen dugu. Horregatik, ez zait gustatzen estiloari garrantzi handiegia ematea; musika esperimentala dela uste dut, eta musika entzuten ari naizenean atsegin dudan zerbait antzematen badut, hori nire musikarekin uztartu dezaket eta kantua aberastu. Inoiz pentsatu al duzu zergatik ez zaren zuzeneko kontzertuak ematera lehenago animatu? Erreferente oso altua izan dut ondoan, eta horrek atzera bota nau. Benito eszenako animalia da. 50 urte daramazki zuzenean abesten, inolako erreferenterik gabe urratu du bere bidea. Figura garrantzitsu horren mailara iritsi ezinaren sentipenak eragina izan du nigan. Horrez gain, aitortu behar dut beldurra izan diodala jendeak nire lana ez babesteari, kontzertuetara ez etortzeari alegia. Dena dela, urteekin ohartu naiz, aurreiritziak alde batera utzi, eta nik ere nire bidea egin dezakedala pixkanaka, akatsak eginez ikasten baita. Hala ere, argi utzi nahi nuke ez dudala ukatzen Benitorekin musikari moduan egiten dudan lana, ikuspegi globala jorratzen aritu naiz urte hauetan guztietan. Nire iritziz, musikari lana sortzaile lana ere bada; eta lider bat badago ere, beste guztiok liderkideak izan behar dugu. Denok egon behar dugu kantuaren eta kantariaren zerbitzura. Iruñean eman zenuten lehen kontzertua ekainean. Zein sentipen izan zenituen? Oso polita izan zen. Erraldoien Txokoan izan zen kontzertua, aire zabalean dagoen patio batean. Egun argiz hasi ginen, eta kontzertua aurrera zihoan heinean iluntzen joan zen. Gaztea nintzenean bizpahiru kontzertu eman nituen bakarka, baina 25 urte eta gero Iruñeakoa bataioa izan zela sentitu nuen. Hurrengo kontzertua Bilbon emango dugu azaroaren 21ean, eta hilaren 29an Donostiako Victoria Eugenia antzokian izango gara. Egia esan behar badut, Donostian jotzen dudanean jartzen naiz ni urdurien, kanpoan aretorik dotoreenean kontzertua ematen dudanean baino gehiago. Izan ere, niretzat Donostian jotzea etxean jotzea da, familia, lagunak eta ezagunak etortzen dira, eta ardura handia sentitzen dut.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide