Huegun, Azpeitia, Aizperro, Irakoitz, Amilibia, Errasti eta Urbieta. (Orio AE)
Datozen lau urteotako egitasmoaren berri eman du Orio Arraunketa Elkarteko zuzendaritzak: "Etxeko entrenatzaileak eta arraunlariak izango dira proiektu berriaren oinarri". Arrauneko elkartean zuzendaritza aukeratzeko hauteskundeak egin dituzte, baina Ibon Huegun buru duen taldea bakarrik aurkeztu da, hala lau urteko ardura hartu dute. Zuzendaritza taldea honakoek osatu dute: Ibon Huegun, Jose Ramon Garate, Iñaki Arostegi, Jose Manuel Agirresarobe, Jesus Mari Aierza, Lino Mari Carrera, Jose Carrera, Zigor Gazpio, Jose Inazio Mujika. Ibon Huegun elkarteko presidenteak eskerrak eman dizkie aurreko lau-urtekoan eta hasi berri den honetan lankide izan dituen guztiei.
Taldeen ardura etxeko arraunlariek hartu dute: Joxean Aizperro eta Irakoitz Etxeberria ariko dira mutilen lehen taldean eta Iñaki Errasti bigarrenean; Klaudio Etxeberria arduratuko da emakumeen taldeaz; eta Ibon Urbietak izango du harrobiaren ardura. Aulki mugikorra Jokin Amilibiak zuzenduko du.
Elkartea "sendotzea" helburu
Orio Arraunketa Elkartea "sendotzea" izan da Huegunen lan taldearen asmoa: "Etxeko entrenatzaile eta arraunlarien aldeko apustua egin dugu. Entrenatzaile denak Orion arraunean hasitakoak dira".
Joxean Aizperro etxera "ilusioz" itzuli dela azaldu dute. "Arraunlari askok segitzen dute, eta bigarren ontziko jendea baliatzeko gogoz hasi ditugu entrenamenduak. Oriotarrekin ahalik eta talde onena osatu nahi dut, eta behetik gorako bidea egin", adierazi du. Aizperrok bigarren ontziko entrenatzailea ondoan izango du eta hau ere gogoz dago lanerako: "Beti izan dut entrenatzaile lana probatzeko gogoa, eta Orio leku ezinhobea da hasteko. Ezagutzen ditut mutil gehienak eta ilusioz hasiko naiz".
Etxeberria eta Huegun (Orio AE)
Emakumeen taldean ez da aldaketa handirik izango. Hasitako ibilbideari jarraipena ematea dute helburu Orio AEkoek, hala dio Klaudio Etxeberria entrenatzaileak. "Blokea mantenduko dugu, lehen aritutako arraunlari oriotarren bat eta besteren bat ere izan daiteke taldean", aurreratu du.
Babyauto berriro babeslea
Babesleari dagokionez, Babyautok beste lau urtez segitzeko asmoa azaldu dio Orio AEri, era horretan zortzi urteko zikloa beteko du arraun elkartearen babesle bezala. Hala azaldu dio Joxean Azpeitia Babyauto enpresaren ordezkariak arraun elkarteari: "Babyauton garbi izan dugu Oriorekin goazela. Duela lau urte ontzia bigarren mailan zegoela egin genuen apustu eta beste lau urte jarraitu nahi dugu, gauza politak egin daitezkeela ikusten dugulako".