Iker Gurrutxaga. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Azken asteetan Burubero telebista saioan parte hartzen ikusi zaituzte herritarrek. Nolatan animatu zinen bertan parte hartzera?
Udan Euskal Telebistan lanean aritu nintzen, eta ikusi nuen lehiaketa berri bat prestatzen ari zirela. Nik lehendik ere esperientzia dut beste lehiaketa batzuetan,
Mihiluze-n,
Hizka Mizka-n eta
Atrapame si puedes lehiaketetan esaterako. Ondo joan zitzaidan aurreko aldietan, eta lanik gabe geratzera nindoanez,
Burubero-n izena ematea erabaki nuen; gainera, nire burua ezagutzera emateko aukera izan zitekeela ere pentsatu nuen.
Ba al zenekien zein motatako lehiaketa izango zen?
Jakin banekien Kike Amonarrizen taldeak egingo zuela, eta euskararekin, Euskal Herriarekin eta euskal kulturarekin zerikusia zuen saioa izango zela pentsatzen nuen.
Lehiaketan parte hartzeko prestatu egin al zara?
Bai, probetako batean Euskal Herriko herrien inguruko galderak egiten dizkigute. Handienak ezagunak badira ere, herri txiki asko ez ditut ezagutzen edo izenez ezagutzen baditut ezer gutxi dakit horietaz. Iparraldeko eta Arabako herri asko ezezagunak ziren niretzat, eta Euskal Herriko mapa interesgarri bat aurkitu nuen, tartea nuenetan hori errepasatzen jardun dut. Bestetik, ohartu nintzen literaturan eta zinema arloan ere hutsunea nuela, eta horiek lantzen ere saiatu naiz.
Ez dirudi erraza denik?
Gai asko oso zabalak dira, eta ezin da dena jakin, hori oso argi izan behar da. Dena dela, zortea ere badut, izan ere memoria oso ona dut, eta egon naizen tokiez edo esan dizkidaten gauzez ondo gogoratzen naiz. Gainera, uste dut kazetaria izateak ere abantaila ematen duela; kazetari lanean landu ditudan hainbat gaiez galdetzea ere tokatu baitzatik lehiaketan. Nire iritziz gakoa interesa izatea eta entzuten jakitea da, informazio piloa jaso baidaiteke gainontzekoei entzunda.
Lehiaketan aurkari ugari izan dituzu, izan al da norbait estuasunen batean jarri zaituenik?
Bai, zaila jarri didaten asko izan dira. Lehiakide berriren bat sartzen denean zein indargune eta hutsune dituen aztertzen dut. Saioan parte hartzen duten gehienak unibertsitate tituludunak edo unibertsitate ikasleak dira, eta ondo prestatuta etortzen dira. Gainera, lehiakortasuna ere antzeman dut parte-hartzaileen artean eta anbizio horrek gauzak zailtzen ditu.
Dena dela, telebista dela argi izan beharko da uneoro, ezta?
Noski baietz, telebista ikuskizuna da. Hasi berria den parte-hartzaileari edo hainbat saio daramatzanari ez dizkiote galderak mota berekoak egiten; saioak aurrera doazen heinean galderak zailtzen joaten dira. Normala da, jendea parte hartzera animatzeko errotazio bat egon behar du, eta beti berak irabazten badu parte-hartzaileak desanimatu egiten dira.
Etorkizunari begira, beste telebista lehiaketaren batean parte hartu nahiko al zenuke?
Antena 3 katean Boom izeneko saio bat dute, laukoteka da, eta bertan parte hartu ahal izateko laugarren kide baten bila gabiltza. Perfil jakina izan behar du, gure gabezia nagusia literatura eta artea dira, eta gai horiek kontrolatzen dituen norbait behar dugu. Norbaitek interesa izango balu, jar dadila nirekin sare sozialen bidez harremanetan.