Herrioko kideek bertako zuhaitzen haziak banatu dituzte gaur Orioko plazan

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko azaroaren 8a

Haurrak haziak ezagutzen. (Aiora Larrañaga/Hitza) Eguraldi ona lagun jende ugari hurbildu da natur taldeko postura eta bertan haziak banatzeaz gain horiek ereiteko jarraitu beharreko azalpenak ere eman dituzte Herrio Natur Taldeko kideek. Ekimenarekin bertako zuhaitzen basoak berreskuratzeko mezua zabaldu nahi dute herritarren artean. "Bertako zuhaitzen basoak gero eta gutxiago dira. Pinua landatzen dute lur sail jabe askok pinuarekin negozioa egin daitekeelako, eta ondorioz bertako espezieak gutxitzen ari dira". Herrioko kideak azalpenak ematen. (Aiora Larrañaga/Hitza) Oriotarrek ekimenarekin interesa izaten dutela nabarmendu dute antolatzaileek. Lagun berriez gain, "urtero etortzen diren oriotarrak ere etorri zaizkigu aurten, pasa den urtean banatu genituen haziekin izandako esperientzia partekatu dute elkarren artean". Izan ere, bertako zuhaitzen haziak beste hainbat hazi baino mantsoago ereiten direla adierazi dute Herrioko kideek, beraz pazientzia behar izaten da emaitza ikusteko. "Udazkena da bertako zuhaitzen haziak ereiteko garai aproposa eta landaretxoa hazten denean, urtarrila otsaila inguruan aldatu behar da". Bestalde, Herrioko lagunek aurtengo udazkenaren nondik norakoak ere izan dituzte hizpide bertaratu diren herritarrekin. "Aurten basoertan barrena bueltaxka bat ematen badugu ezkur urtea dela ohartuko gara, ezkur ugari baitago. Beste hazi batzuk ikustea berriz zailagoa da, gorabehera hauek bestea beste klimarekin zerikusia izaten dute eta aurtengo urtea ezkurra heltzeko aproposa izan da". Ezkur urtea da aurtengoa. Basoetan ezkur ugari ikusi daiteke. (Aiora Larrañaga/Hitza)  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide