Hasi dituzte Arrantzale kalea zeharkatuko duen bidegorria egiteko lanak

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko azaroaren 6a

Arrantzale kaleko bidegorria egiten hasi dira. (Aiora Larrañaga/Hitza) Dagoeneko abiatu dituzte Arantzazuko Andramari auzoa eta Bikamiota lotuko dituen bidegorriko lanak, eta lau astetan bukatuta egotea espero du Orioko Udalak. Pasa den asteko udalbatzarrean eztabaidatu zuten gaiaz. Izan ere, obra guztira 48.500 euro kostatuko da; horietatik 20.500 euro Gipuzkoako Foru Aldundiak jarriko ditu, eta gainontzekoa udalak. Beraz, kreditu aldaketa egitea bozkatu zuten udalbatzarrean. EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin aurrera atera zen proiektua, EH Bildu abstenitu egin zen, eta Orainek aurka bozkatu zuen. Dena dela, Miriam Urangak nabarmendu zuen Orain ez dagoela bidegorria egitearen aurka, «baina gainontzeko udal taldeek ez dugu ekarpenak egiteko aukerarik izan». Bidegorria beharrezkoa Arantzazuko Andramari auzoaren parean bidegorria egiteko egokitzapen lanak egiten hasi dira, eta Erribera etxaldearen pareko bidegorri zatia egiteko egungo espaloiari zatia kenduko diote. Udaletik jakinarazi dutenez, bidegorriaren ondorioz 11 aparkaleku galduko dira Arrantzale kalean, baina horiek konpentsatzeko hainbat aukera aztertzen ari da udala. Orioko Udalak azken urteotan hainbat neurri hartu ditu herrigunean autoen erabilera gutxitzeko eta oinezkoei eta bizikletei lehentasuna emateko. Dena dela, uste dute oriotarrak bizikletaz ibili daitezen ezinbestekoa dela bidegorri sare egokia izatea, eta horretarako urratsak ematen hasi dira. Orioko Udalak 2012an onartu zuen Plan Orokorrean herria zeharkatuko duen bidegorriaren ibilbidea zehaztuta dago, eta horren gainean lanean hasi da udala. Azaroan Arrantzale kaleko zatia egingo dute. Udaletik jakinarazi dutenez ahal bezain laster helduko diote Bikamiotatik autopista bitarteko zatiari.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide