Babestutako eremua da Motondo. (Aranzadi)
Motondo berreskuratzeko proiektuak eztabaida sortu zuen aurreko agintaldian Orioko Udalean, eta pasa den asteko udalbatzarrean ere eremu horren izaera babestuaren gaia atera zen eskarien eta galderen garaian. Orioko Herrio Natur Taldeko kideek salatu zuten Moskito Aeromodelismo Elkarteko kideak hegazkinekin dabiltzala berriz ere Motondo eremuan, «jarduera hori legeak debekatuta duenean». Baimena nork eman dien jakin nahi izan zuten natur taldeko kideek, eta Joxe Angel Zaldua alkateak (EAJ) onartu zuen bera izan zela baimena eman ziena.ç
Herritarren galderari erantzunez, idazkariak zehaztu zuen, mota horretako baimenak eman aurretik Moskito Elkarteak idatziz eskaera bat egin beharko lukeela baimena eskatzeko. «Bulego teknikoak jardueraren inguruko txostena egingo luke, eta horretan oinarrituz alkate dekretuz emango litzateke baimena».
Herrio Natur Taldeko kideek udal gobernu berriari gogorarazi zioten Motondo babestutako eremua dela, eta bertan egin daitezkeen jarduerak legez ezarrita daudela, «aeromodelismoa ez da sartzen baimendutako jardueren artean». Alkateak aitortu zuen ez zekiela Motondon aeromodelismoa debekatuta zegoenik. Dena dela, azaldu zuen dagokion teknikariarekin hitz egingo duela zehaztazun horiek ezagutzeko.
Udal taldeen iritzia
Natur taldeko kideek udalbatza osatzen duten udal taldeei Motondoren inguruan duten ikuspegia eta asmoak zein diren galdetu zieten udalbatzarrean.
EH Bildu izan zen hitza hartzen lehena, eta aurreko agintaldian bezala, Motondo berreskuratzearen alde daudela azaldu zuen Gotzon Igoa zinegotziak.
Orain udal taldeko bozeramaile Miriam Urangak nabarmendu zuen, beraiek ere Motondo berreskuratzearen aldekoak direla, «baina alkateari eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzarekin negoziatu dezala, Orioko Udalak 2001ean lur horiek erosten gastatu zituen bi milioi euro berreskuratzeko. Uste dugu saiakera egin behar duela udalak, oso ondo etorriko baitzaizkio bi milioi euroak Orioko herriari».
Ana Priedek (PSE-EE) legea errespetatu behar dela adierazi zuen. «Eremu horrek duen babes neurria errespetatu behar da, eta legeak zehazten duen erabilera eman behar zaio».
Bestalde, Orioko alkate Joxe Angel Zalduak argi utzi zuen EAJ ez dagoela Motondo «urperatzearen» alde. «Nik ez dut nahi eremu hori ur azpian ikusi. Ez zait gustatzen Sarikolan egin duten lana. Gainera, animaliak neguan etortzen direnean ez dute bertan atseden hartzen, aurrean dagoen Itzaoko erriberan geratzen baitira».