Orioko Arrantzale kalean bidegorria egingo dute, eta asteartean hasiko dituzte lanak

A. Larrañaga Solaberrieta 2015eko urriaren 30a

Plan Orokorrak jasotzen duen bidegorri sarea irudian agertzen dena da. Azaroan horiz markatuta dagoen zatia egingo du Udalak. (Orioko Udala) Asteartean abiatuko dituzte Arantzazuko Andramari eta Bikamiota arteko bidegorria egiteko lanak, eta lau astetan bukatuta egotea espero dute. Obra guztira 48.500 euro kostako da eta horietatik 20.500 euro Gipuzkoako Foru Aldundiak jarriko ditu. Udaletik jakinarazi dutenez bidegorriaren ondorioz 11 aparkaleku galduko diran Arrantzale kalean, baina horiek konpentsatzeko hainbat aukera aztertzen ari da udala. Orioko Udalak azken urteotan hainbat neurri hartu ditu herrigunean autoen erabilera gutxitzeko eta oinezkoei eta bizikletei lehentasuna emateko. Dena dela, uste du oriotarrak bizikletaz ibili daitezen ezinbestekoa dela bidegorri sare egokia izatea eta horretarako urratsak ematen hasi da. Orioko Udalak 2012an onartu zuen Plan Orokorrean herria zeharkatuko duen bidegorriaren ibilbidea zehaztua dago, eta horren gainean lanean hasi da udala. Azaroan Arrantzale kaleko zatia egingo dute eta udaletik jakinarazi dutenez, ahal bezain laster helduko diote Bikamiotatik autopista bitarteko zatiari.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide