Orioko hilerriko tarifek igoera nabarmena jasango dute urtarriletik aurrera

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko urriaren 28a

Orioko hilerria. (Aiora Larrañaga/Hitza) Asteartean Orioko Udalak 2016ko ordenantza fiskalak onartu zituen udalbatzarrean. Tasa eta zerga gehienak izoztea proposatu du udal gobernuak, baina defizitarioak diren hainbat arlotan gorakada emango da. Besteak beste, %8 igoko da zaborraren tasa eta kiroldegiko tarifak %3an igoko dira, kiroldegia kudeatzen duen BPXport enpresak horrela eskatuta. Gainera, hilerriko tarifak ere aldatu egingo dira, hilerriko kudeaketaz arduratzen den enpresak udalari kobratuko diona kontutan hartuta. EH Bilduk eta Orainek salatu zuten «zenbait kasuta igoera %300» izatera iritsiko dela, eta horregatik igoera bapatean egin beharrean egokiagoa iruditzen zaie «lau urtetan progresiboki egitea». Udaletik nabarmendu dute familia bakoitzaren egoera ekonomikoa kontutan hartuta, zatika ordaintzeko aukera eskainiko dutela. Bestalde, hasiera batean udal gobernuak gainontzeko udal taldeei aurkeztutako zirriborroan Danbolin Musika Eskolako tarifak %17a igotzea proposatu zuen, baina Ana Pride PSE-EEko zinegotziak puntu hori bozketatik kanpo uzteko eskatu zuen udalbatzarrean. «Musika Eskolako tarifak igotzeko proposamena nik egin nuen, esku artean nituen datu batzuk kontutan hartuta; atzo beste datu batzuk jaso nituen eta zalantzak sortu zaizkit gaiaren inguruan. Informazioa falta zait, horregatik batzorde bat egin nahiko nuke musika eskolako zuzendariarekin, hark ditugun zalantzak argitu ditzan». Dena den, Ana Priedek zehaztu dio Hitzari, berak musika eskolako tarifak %7 igotzeko proposamena egin zuela eta ez %17 igotzekoa. PSE-EE, EAJ eta EH Bildu gaia mahai gainean uztearekin ados agertu ziren eta Orain udal taldea abstenitu egin zen. Dena dela, Emeterio Iribar EH Bilduko bozeramaileak argitu zuen beraiek aldeko botoa eman bazuten ere, «ordenantza fiskalen prozedura guztiak izan duen inprobisazioaren erakusgarri dela Musika Eskolako tarifen gaia. Azken orduan eta presaka egin baitira». Miriam Urangak bat egin zuen Iribarrek egindako kritikarekin eta nabarmendu zuen «normalean ordenantza fiskalak erabakiak hartu aurretik batzordeetan landu behar izaten direla dagokion teknikariaren azalpenak entzunda». Prozedura hizpide Ordenantza fiskalei zegokion bozketan EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu zuten, Bilduk ezezkoa eman zuen eta Orain abstenitu egin zen, beraz 2016ko ordenantza fiskalei behin behineko onarpena eman zitzaien asteartean. Amaia Dorronsoro zinegotziak azaldu zuenez EH Bilduk prozedura eta eduki kontuengatik bozkatu zuen ezezkoa. «EH Bilduren politika fiskala zergak progresiboki igotzea izan da, Orioko familien egoera gehiago ez estutzeko». EAJk berriz, igoera «nabarmena eta gehiegizkoa» planteatu duela uste du EH Bilduk. «Dena dela, asteleheneko ogasun batzordean gehiengoaren adostasunarekin gai izan ginen igoera batzuei mugak jartzeko». Hondakinen tasa %15a igotzea proposatzen zuen hasiera batean udal gobernuak eta denen artean adostasunera iritsita igoera %8koa izatea erabakin zuten. Bestetik hilerriko tarifen igoerari dagokionean EH Bilduk uste du igoera bapatean eman beharrean pixkanaka eman beharko litzatekeela. «Gu Orainek egindako proposamenarekin ados gaude, igoera hori lau urtetan progresiboki ematearekin alegia». Dorronsorok emandako arrazoiekin bat egin zuen Orain udal taldeak eta bestetik zaborraren gaia izan zuten hizpide. «Zaborraren gaia politizatu egin da; denok dugu zaborraren arazoari buelta emateko borondatea, eta Emeterio Iribarrek eskatu zuen bezala garrantzitsua iruditzen zaigu Hondakinen Mahaia deitzea. Herritarrekin batera lanketa sakona egin eta gaikako bilketan urratsak ematen joateko» eskatu zuen Miriam Uranga Oraineko bozeramaileak. Joxe Angel Zaldua Orioko alkateak nabarmendu zuen, batzordeetan hainbat udal taldek egindako proposamenak aztertu direla, eta adostasunetara iritsiz onartu direla ordenantza fiskalak, «denon ordenantza fiskalak dira» .

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide