Olatz Mujika eta Xabier Ibarguren Txurrumuskiko kideak, ludotekako antzerki txokoan. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Astelehenean ireki zuten Orioko ludoteka Iturbide kalean, kultur etxearen atzean, eta haurrek eta gurasoek zerbitzu berria ezagutu dezaten ostirala bitartean 17:00etatik 19:30era ate irekien jardunaldia egingo dute. Haur Hezkuntzako 5. mailatik Lehen Hezkuntzako 4. mailara arteko haurrek parte hartu dezakete, eta bertan jolas libreak eta hezitzaileek dinamizatutako jolas antolatuak egingo dituzte. Datozen egunetan zerbitzua irekia izango da, eta nahi dutenek jolasak ezagutzeko, txokoak deskubritzeko eta bestelako elementuekin esperimentatzeko aukera izango dute ludotekan.
Herriko aisialdi taldeak, Txurrumuskik, kudeatuko du ludoteka, eta taldeko bi hezitzaile izango dira arratsaldero bertan. «Oso gustura geratu gara obraren emaitzarekin. Hau lehen lokal ilun bat zen; informazio eske etorri den gurasoren batek kontatu digu, bera umea zenean hemen saguen atzetik korrika ibiltzen zirela, eta orain ludoteka ikusi dutenean, harrituta geratu da aldaketarekin. Oso lokal argitsua da, herriaren erdigunean, leku paregabean dago, eta gainera, inguruan ez da autorik pasatzen».
Ludoteka bera hainbat txokotan banatuta dago. Beheko areto handian mugikortasunarekin lotutako jarduerak egingo dituzte. Bestetik, antzerki txokoa ere badute, «oholtza txiki bat eta ispiluak ditugu eremu horretan haurrek esperimentatu dezaten». Azkenik, goiko partea lasai egoteko txokoa izango da, bertan eraikuntzak eta puzleak egingo dituzte haurrek, eta eserlekuetan lasai irakurtzen egoteko aukera ere izango dute.
Umeek astearte eta ostirala bitarteko bi egun aukeratu ahal izango dituzte ludotekara joateko, eta astelehenetan erabiltzaile guztientzat irekita izango da, eta jolas libreak egingo dituzte. Gainontzeko egunetan, berriz, jolas, ekintza eta tailer gidatuak egingo dituzte. «Haur guztiek elkarrekin parte hartuko dute antolatzen diren ekintzetan, baina horien zailtasun maila adinaren arabera moldatuko dugu. Espazio bera konpartitzeaz gain, guretzat garrantzitsua da adin desberdinetako haurrek elkarrekin jolasten ikastea, elkar errespetatzea eta elkarrengandik ikastea».
Bestalde, hiru hilabetetik behin irteera bat antolatuko dute haurrek eta beren familiek elkarrekin ondo pasa dezaten.
Astean zehar gurasoei zerbitzuaren inguruko informazio zehaztua eta prezioaren nondik norakoak azalduko dizkiete ludotekan. Ikasturte osoaren prezioa 45 eurokoa izango da, urtarriletik aurrera 30 eurokoa eta apiriletik aurrera 15 eurokoa. «Urtarrileko eta apirileko plazak irekiko ditugu toki librea badago. Izan ere, hezitzaile bakoitzak ezin ditu 20 haur baino gehiago izan, beraz, garrantzitsua da guretzat ludotekan zenbat haurrek parte hartuko duten jakitea».