Jende asko biltzen da Mandalara Astean. (Mandalara Elkartea)
Nork bere ongizatea landu dezan tresnak ezagutarazten bederatzi urte daramatza Orioko Mandalara Elkarteak. Gai horiek lantzen hasi zen lehen euskal taldea izan zen Oriokoa, eta urtez urte erreferente bihurtu da lurraldean. «Gustura gaude herritarrengandik izaten dugun erantzunarekin. Euskal Herri osotik etortzen da jendea gurera. Askok esaten digu gure elkarteak konfiantza ematen diela, ohiko jendeak parte hartzen baitugu bertan».
Urtean zehar jorratzen dituzten terapiak herritarrei ezagutarazteko asmoz, aurten ere Mandalara Astea antolatu du elkarteak; gaur hasi eta igandera bitartean, hainbat ikastaro eskainiko dituzten doan.
Berrikuntza bezala, aurten familia osoari zuzendutako ekitaldiak prestatu dituzte. «Konturatu ginen arlo hori oraindik ez genuela gehiegi landu, eta horregatik erabaki dugu aurten haurrek eta helduek elkarrekin egin ditzazketen ekitaldiak antolatzea». Arraunetxean egingo dituzte horietako asko: «Gure helburua da interesa duten herritarrak inolako konpromisorik gabe Arraunetxera agertu eta saioan parte hartzea». Orain arte izena eman behar izaten zuten herritarrek, baina parte-hartzaile kopurua asko handitu denez, saio irekiak antolatu dituzte aurtengoan; iaz 600 lagunek parte hartu zuten Mandalara Astean, antolatzaileen esanetan.
Gainera, aurten mugimenduarekin lotutako saio ugari antolatu dituzte, eta horiek lantzeko toki paregabea iruditu zaie Arraunetxea.
EGITARAUA
Gaur, urriak 23
- 19:00etan, Mandalara Astearen irekiera ekitaldia egingo dute, eta kontzertua eskainiko du Olga Sanchez musikoterapeutak Mandalara Elkartearen lokalean.
Bihar, urriak 24
- 10:30ean, Chinkung CFQ saio irekia Alex Arellano irakaslearen eskutik. Milaka urte dituen auto-osaketa prozesuaren oinarrizko urratsak erakutsiko ditu Arraunetxean.
- 12:00etan, Barreterapia Tailerra emango du Arraunetxean Escuela de Risa Inteligente zentroko Bharat irakasleak.
- 16:30ean, Gu heriotzaren aurrean konferentzia emango du Lori Thompson psikologoak Arraunetxean. Zainketa aringarria eta heriotza eta dolua gaiak jorratuko ditu.
- 19:30ean, Arimatik mezua tarotaren bidez konferentzia emango du Isabel Lopez Lopez tarotistak Mandalara Elkartearen lokalean.
Urriak 25, igandea
- 10:30ean, familientzat yoga saioa gidatuko du Jesika Morales Yoga eta Hipopresibo irakasleak Arraunetxean. Familia osoa, heldu eta haur, parte hartzera animatu nahi dituzte antolatzaileek.
- 12:00etan, Biodantza familian saioa izango da Arraunetxean. Elen Kortazarena irakasleak gidatuko du.
- 17:00etan, Del Reves animazo filma botako dute Arraunetxean. Bertan emozioen garrantzia jorratuko dute