Aratz Madariaga eta beste hemezortzi auzipetuen aldeko elkarretaratzea egin zuten irailan Orion. (Aiora Larrañaga)
2011ko irailaren 23an Kukutza gaztetxea eraitsi zuten, eta egun berean izan ziren istiluekin lotuta hemeretzi lagun atxilotu zituen Ertzaintzak. Aurtengo irailean epaitu zituzten, tartean Aratz Madariaga Dorronsoro oriotarra. «Desordena publikoa» egotzi zien fiskalak auzipetu gehienei, eta 18 hilabeteko espetxe zigorra eta egondako kalte guztiak ordaintzea eskatu zuen haientzat.
Madariagari, hain zuzen ere, harriak botatzea eta edukiontziak batetik bestera mugitzea egotzi zioten. Epaia kaleratu dute, eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote auzipetu bakoitzari, eta 84.000 euroko kalteordaina ordaindu beharko dute hamar lagunen artean. Horietako bat da oriotarra.
Auzipetuak ez daude epaiarekin ados, eta hurrengo egunetan helegitea aurkeztuko dute. «Ez da epaiketa normala izan, denok zaku berean sartu gaituzte eta denok erruduntzat jo».
Gainera, harrituta agertu dira kalteordainak ordaintzeko zigorrarekin. Hasiera batean Bilboko Udalak egun hartan gertatutako kalteak ordaintzea eskatu zuen. «Baina udala ez zen epaiketara aurkeztu, eta fiskalak bere egin zuen eskaria. Ez zaigu bidezkoa iruditzen».
Kukutzaren Elkartasun Taldeak babesa agertu die auzipetuei eta argi du «Kukutzarekiko elkartasunaren aurkako epaiketa izan dela». Uste dute epaiketan zehar «poliziaren bortizkeria frogatuta geratu dela, baita polizien deklarazioen arteko kontraesanak ere. Egun haietako sarraskiak estaltzen saiatu dira». Gainera, epaiketak elkartasuna agertzera bertaratu zirenak «krimiminalizatu» dituela uste dute.