Iazko Orioko Frontenis Txapelketako txapeldunak. (Karkara.eus)
Orioko Pilota Elkarteak frontenis txapelketa antolatu du udazkenerako. Hilaren 23an abiatuko dute txapelketa eta partidak ostiral arratsaldetan jokatuko dituzte, 18:00etatik aurrera Orioko pilotalekuan; San Nikolas Jaietan emango diote bukaera txapelketari, festetan finalak jokatuta. Txapelketan parte hartu nahi duten bikoteek Orioko kiroldegian eman behar dute izena urriaren 20a baino lehen, eta bikoteko 20 euro ordaindu beharko dituzte lehian parte hartzeko. Antolatzaileek zehaztu dutenez, bete beharreko baldintza bakarra, "gutxienez bikoteko kideren bat Oriokoa edo Aiakoa izatea da".