Orioko Euskaltegiaren inaugurazioa ostegun iluntzean. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Ostegun iluntzean Orioko Udaleko ordezkariak, euskaltegiko ikasleak, irakasleak eta AEK-ko arduradunak bildu ziren Orioko Euskaltegi berrian lokala ofizialki inauguratzeko. Pasa den agintaldian abiatu zuen udalbatzak euskaltegiaren proiektua eta Udaleko Euskara Batzordeburu Lurdes Salsamendik azaldu zuenez, "udal talde guztiok bat egin dugu proiektuarekin eta emaitzak eman ditu, ikasle ugarik izena eman baitu euskaltegian". Gainera, zehaztu zuen bertan dauden mahaiak eta aulkiak "Orain udal taldearen ekarpena" izan direla.
AEK-k kudeatuko du Orioko Euskaltegia eta bertako arduradunak gustura dira Orioko Udalak uneoro izan duen jarrerarekin. "Eskerrak eman nahi dizkiogu udalari oriotarrek euskara ikasi ahal izateko egin duen ahaleginagatik. Urteak eman ditugu horrelako hitzarmen bat egin nahian, azken finean, gure helburua, edozeini euskaraz bizitzeko eta euskara ikasteko aukera ematea delako".
Euskaltegiko komunak, komun publikoak
Euskaltegia eraikin publikoa izanik, Lurdes Salsamendik azaldun zuen "euskaltegia irekita dagoen bitartean herritarren batek komunera joateko beharra izango balu, euskaltegiko komunak erabiltzeko aukera izango duela aurrerantzean". Beraz, euskaltegiko komunak herritarrei irekita izango dira.