«Borrokatua izango da zirkuituko azken saioa»

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko urriaren 16a

Asteburuan Zumaiako Bodyboard Txapelketa irabazi zuen Mikel Atxega oriotarrak, 18 urte azpikoen mailan. Euskal Zirkuiturako proba puntuagarria zen eta lehen postuan sailkatuta dago.Gustura al zaude egiten ari zaren denboraldiarekin?Bai, Euskal Zirkuitu...

Asteburuan Zumaiako Bodyboard Txapelketa irabazi zuen Mikel Atxega oriotarrak, 18 urte azpikoen mailan. Euskal Zirkuiturako proba puntuagarria zen eta lehen postuan sailkatuta dago.

Gustura al zaude egiten ari zaren denboraldiarekin?

Bai, Euskal Zirkuituari amaiera emateko beste txapelketa bat jokatu behar dugu hilabete bukaeran Getxon, eta hori jokatzeko irrikaz nago. Bodyboardlarien artean maila oso parekatua dago eta horrek lehia polita sortu du. Aurreko txapelketa Eddy Mangenotek irabazi zuen, baina Zumaian finalaurrekoan joan zen kalera; hori dela-eta puntuetan aurreratu egin dut, eta lehen postuan sailkatu naiz. Horrez gain, Unai Zubizarreta bodyboardlari oriotarra laguna dut; bera ere oso maila ona ematen ari da, eta bion artean lehia polita dugu. Oso interesgarria dago zirkuitua, eta uste dut borrokatua izango dela azken saioa.

Euskal Zirkuitua irabazteko aukerak badituzula iruditzen el zaizu?

Horretan saiatuko naiz. Zumaian oso gustura lehiatu nintzen, eta Ereagako hondartza ere gustuko dut. Iaz bertako txapelketan parte hartu nuen eta olatu polita dela iruditu zitzaidan, gustura ibili nintzen. Ahal dudan mailarik onena ematen saiatuko naiz.

16 urte dituzu egun. Nola izan da zure bilakaera bodyboardean?

Beti gustatu izan zait hondartza. Txikitatik uda sasoian egunero etorri izan naiz hondartzara. Dena dela, 12 urterekin hasi nintzen taularekin uretara sartzen. Hamalau urterekin erabaki nuen bodyboarda nire kirola izango zela. Ordura arte eskubaloian jokatzen nuen, baina bodyboarda nahiago nuen, eta Zarauzko entrenatzaile Iban San Martinekin entrenatzen hasi nintzen. Ordutik oso gustura aritu naiz gogor entrenatzen.

Etokizunari begira zein asmo eta amets dituzu?

Asko gustatuko litzaidake atzerriko txapelketetan parte hartzea eta bidaiatzea. Portugalen egiten da Munduko Bodyboard Txapelketako proba bat eta gustura parte hartuko nuke bertan. Ametsetan hasita egunen batean profesionala izatea ere gustatuko litzaidake. Oso zaila da, baina duela astebete Zumaian izan ziren bederatzi aldiz Munduko txapeldun Mike Stuart bodyboardlaria eta bere ikasle Tanner Mc Daniel gaztea, eta sekulako inbidia eman zidaten. Gogor entrenatzera motibatu ninduten haien ereduak.

Nolako entrenamenduak egiten dituzu?

Olatuak daudenean bakarrik sartu gaitezke uretara, beraz itsasoari adi-adi jarraitzen diogu, ahal dugun guztietan bodyboardean aritzeko. Negu partean gimnasioko lana egiten dut eta igerilekuan igeri aritzen naiz.

Zer moduzko harrobia ikusten duzu eskualdean bodyboardean?

Bodyboardak gero eta zaletu gehiago ditu eskualdean. Zumaian aspalditik dago oso maila ona, baina gainontzeko herrietan ere bagoaz aurrera. Orioko Surf Elkartean esaterako heldu gehienak surflariak dira, baina gazteok bodyboardean murgiltzen hasi gara. Zubizarreta eta ni sartzen gara ia egunero uretara, eta gazteagoak ere animatzen hasi dira.

Hala ere, bodyboarda ezezaguna da oraindik inguruan?

Bai, surfaren munduan bodyboarda mespretxatuta dagoela iruditzen zait, surflariak baino gutxiago errespetatuak sentitzen gara zenbaitetan. Dena dela, badira bodyboardaren aldeko apustua egiten dutenak ere. Eskerrak eman nahi dizkiet Nines Bodyboards taula markari eta Zumaiako Spot Bodyboard Shop dendari ematen didaten laguntzagatik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide