Iaz lehen aldiz kiroldegian egin zen desfilea eta 1.200 lagun bildu ziren. (Karkara)
Urriaren 19tik 24ra bitartera Orio Fashion Week moda astea antolatu du Arkupe merkatari, ostalari eta profesionalen elkarteak. Hilaren 18an 17:30ean egingo duten desfilea izango da ekitaldi nagusia, eta saioa ikusi nahi duten herritarrek sarrerak salgai dituzte desfilean parte hartuko duten dendetan, bi euroren truke.
Kristina Salsamendi Arkupeko kideak azaldu duenez, «iaz arrakasta izan zuen desfileak. 1.200 lagun inguru bildu ziren kiroldegian, eta oso gustura atera ziren bertaratu zirenak. Gu ere oso gustura geratu ginen herritarrek izan zuten erantzunarekin, eta aurten ere oriotarrak desfilea ikustera animatzea nahiko genuke».
Iaz Orioko dendetako eskaintza ikusteaz gain, giroa animatzeko ikuskizun txikiak ere izan ziren. Eta aurten ere formatu bera mantendu dute, eta pasa den aldian bezala, igande arratsalde ederra pasatzeko aukera izango dute herritarrek.
12 denda desfilean
Aurtengo desfilean Orioko hamabi dendak parte hartuko dute: Lamia Lentzeriak, Rose's-ek, Ardatzak, Anarri Opariak, Rosana Argazkilaritzak, Orio Optikak, Itziar Kirolak, Ttipi-Ttapak, Kaioak, Orio's Shopek, Ramiro Argazkiak eta Noah's Secretek. Desfilea ikustera joateko sarrerak denda horietan eskuratu ditzazkete herritarrek.
Kristina Salsamendi: «Kalitatezko merkataritza dugula erakusteko balio du desfileak»
Kristina Salsamendi Arkupe Elkarteko kidea eta Ardatza arropa dendako jabea. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Astebete eskas falta da Fashion Week desfilerako. Hasi al zarete dena prestatzen?
Elkarteko kideok ardura desberdinak ditugu antolaketan. Ni, esaterako, desfileari komunikabideetan zabalkundea emateaz arduratzen naiz. Egia esan, aurtengoa desfilea antolatzen dugun hirugarren urtea da, esperientzia handiagoa dugu, eta errazagoa da antolaketa.
Antolaketa orokorraz gain, merkatari bakoitzak bere lana egin behar du desfilearen aurretik. Nola izaten da prestaketa lana?
Pertsona bat janzterako garaian ez da arropa soilik kontuan hartu behar, oso garrantzitsua da pertsona bakoitza eroso eta eder sentituko den arropa aukeratzea. Gorputz denak desberdinak dira, eta forma bakoitzari ondo dagokion arropa aukeratu behar da. Horregatik, pertsona bakoitzaren arabera aukeratzen dut arropa. Horretaz gain, pertsona batek arropa janzten duenean, gustura sentitu behar du, seguru, arropak bere autoestimua indartzen lagundu behar dio, eder sentitzen, alegia.
Zer helburu du urriaren 18ko desfileak?
Nik neuk desfilean Ardatza arropa dendaren nortasuna erakutsi nahi dut; erakusleihoa jartzen dudanean nahi dudan arropa erakutsi dezaket, baina arropa horrek ez du pertsonalitaterik. Arropa pertsonari irudi on bat edukitzen laguntzen dion bidea da; testuinguru batean ulertu behar da. Nik soineko motz bat eta tokoizko zapata altuak jartzen badizkiot emakume bati tendentziek hori eramaten dela esaten dutelako, eta pertsona horrek takoiekin ibiltzen ez badaki, guztiz zapuztuko dut bere irudia. Aukera okerra izango litzateke.
Hiru urte daramazue desfilearekin. Antzeman al duzue salmentak igo direnik?
Denetarik dago. Batzuek antzemango zutela uste dut. Nik neuk, berriz, uste dut herritarrei kalitatezko merkataritza dugula erakusteko balio duela desfileak. Nire iritziz hori helburu garrantzitsua da. Izan ere, horrela lortuko dugu une jakin batean herritarren batek zerbait erosi nahi duenean, lehenik eta behin Orion zer dagoen begiratzea eta zuzenean kanpora ez joatea. Ohitura aldaketa gertatu dadin, merkatariok lanean jarraitu behar dugu orain arte bezala.